undefined

“Talde handia garela erakutsi nahi dugu berriro”

“Talde handia garela erakutsi nahi dugu berriro”

Levanteren aurkako partidaren zailtasunaz ohartarazi du Marcelinok: “talde indartsua da eta jokalari onak ditu”

Marcelino Garcia Toralek hedabideen galderei erantzun zien Lezamako prentsa aretotik, Ligako hamalaugarren jardunaldiko Levante UD taldearen aurkako partidaren atarian, erregulartasunaren lehiaketa gelditu zen asteburuan.

Ciutat de Valèncian jokatuko den partidaren garrantziaz ohartarazi du entrenatzaile zuri-gorriak, taldeak Cadizen aurka San Mamesen galdu izana atzean utzita: “Autokritika arduratsua egin dugu. Jokalariek bere gain hartzen dituzte bere erantzukizuna eta akatsak. Orain partida honetan irabaztera joan behar dugu, talde handia garela erakutsiz. Gure anbizioa eta ilusioa da. Futbolean, momentua da garrantzitsuena, orain arte egindakoa ez dela erabakigarria emaitzarako. Bihar, arlo guztietan ondo jokatzen duen taldeak irabaziko du”.

Entrenatzaileak onartu du, sailkapenaren egoera gorabehera, Valentziako taldea kontuan hartu beharreko aurkaria dela: “Konturatu behar dugu egungo futbolean ez dagoela etsai txikirik. Aurkariarekiko errespetu osoa da geure burua errespetatzeko modu bakarra. Ez diogu Levanteren dinamikari erreparatu behar. Partida zaila espero dut, geldialdian zehar lan egin ahal izan duen entrenatzaile berria dutelako eta futbolari garrantzitsuak berreskuratu dituztelako”.

Marcelinok defentsan berriro indartsu izatea du helburu: “Defentsan ondo aritu behar dugu eta berriro ez golik jaso. Zorte hori izan behar dugu. Atzean indartsu jokatzeaz gain, eraso egin behar dugu, haiek zelaian deseroso senti daitezen eta zalantzak sortu daitezen”.