Peña Alcoi-ren XXV. urteurrena
Aitor Elizegi presidentea Alacanteko peñaren Zilarrezko Ezteien ospakizunen buruan egon da
Athletic Club Alcoitik pasa zen urtarrilean. Collaon jokatzea egokitu zitzaion, Errege Kopako final-zortzirenetan, gero finala jokatuko zuen edizio berdinean. Athletic hazita zegoen, aste pare bat lehenago Sevillan Superkopa irabaztetik zetorren, eta Real Madrid kanporatu berri zuen Alcoyanoren aurka neurtu behar zituen indarrak. Alcoiko Peña Athletic Cluben 25. urteurrena hasteko opari bat zena, ezerezean amaitu zen, COVID-19ak itzali baitzuen. Pandemiaren gailurrean, negu hartan Alcoiko Hoyako eskualde osoa eremu gorrian bizi izan zen eta kutsatze datuak oso altuak ziren. Hiria itxita zegoela, lehoiak burbuilan zeudela iritsi ziren, partida harmailetan ikuslerik gabe jokatu zen, eta ordutegiek, etxeratze-aginduarekin, edozein mugimendu erabat zaildu zuten, baita espedizio zuri-gorria gertutik ikusi ahal izateko ere. Koronabirusak aurretik eraman zuen festa eta ospakizun usaina zuen guztia.
Orain, negu berri baten atarian eta urtea amaitu baino lehen, Alcoiko peñakideek beren efemeridea ospatzeko lekutxoa aurkitu dute. Ekitaldiak ostiral honetan hasi ziren, bazkari batekin, Peñak duen egoitzan, Penaguilako kalean. Ondoren, Ciutat de València futbol zelaian jokatu zen partida ikusteko txanda izan zen. Peña de Alcoi eta Peña El Frare de El Muroko hogeita hamar bat bazkide autobusez joan ziren Levanteko hiriburura Athletic Orriolsen bertan ikusteko.
Larunbaterako geratu zen Zilarrezko Ezteien ekitaldi nagusia. Afari bat Fila Guzmanesen, herriko tenplu gastronomikoan eta urtero mairu eta kristauen jaiak antolatzen dituen antolatzaileen ikur. Athletic Clubek Aitor Elizegi presidentea, Goyo Arbizu zuzendaritzako kidea eta Manolo Delgado Meco izan zituen ordezkari gisa.
1996an inauguratu zenetik Peñan dauden 23 bazkideak omentzeko ere balio izan zuen afariak. Peña Athletic Club izan da Alacanteko probintzia osoan zehar daudenen artean aktiboenetako bat. 370 pertsona izan dira Peñako bazkide 25 urte hauetan. Gaur egun 70 dira hura osatzen duten Athleticen zaleak.