undefined

Jose Antonio Agirrek lehoi gisa debuta egin zueneko mendeurrena

Jose Antonio Agirrek lehoi gisa debuta egin zueneko mendeurrena

Eusko Jaurlaritzako lehen lehendakariak Athleticen jokatu zuen kargua hartu aurretik

Gaur 100 urte, 1921eko azaroaren 27an, Jose Antonio Agirre Lekubek (Bilbo, 1904 – Paris 1960) Athleticeko lehen taldearen elastikoa jantzi zuen lehen aldiz. Partida hura, Bizkaiko Eskualde Txapelketako laugarren jardunaldiari zegokiona, 1-1 amaitu zen Deustoren aurka San Mamesen. Agirrek 17 urte zituen eta, beraz, oraindik ez zuen adin-nagusitasuna bete.

1921-22 eta 1925-26 denboraldien artean, 43 norgehiagoka jokatu zituen zuri-gorriz jantzita; horietatik 11 ofizialak izan ziren (Eskualdeko Txapelketetako zazpi eta Kopako lau), eta bost gol sartu zituen; gainerako 32 lagunartekoetan, berriz, beste 12 egin zituen. Erasoko postuetan aritzen zen, bi hegaletatik eta jokoa ikusteko moduagatik, lanerako gaitasunagatik eta bere botetan zeukan kalitateagatik nabarmentzen zen.

Gainera, lehoiekin egindako bost urteetan zehar, Kopako hogeita batgarren edizioa irabazi zuen 1923an, klubaren historiako hamargarrena, finalean Europako Kirol Kluba 1-0 mendean hartuta. Agirrek ez zuen minuturik izan titulua lortzeko hitzordu erabakigarrian. Fred Pentlandekin aulkian, Realaren aurkako finalerdietako kanporaketan eta Real Madrilen aurkako final-laurdenetako norgehiagokan parte hartu zuen. Bere palmaresean 1922-23, 1923-24 eta 1925-26. denboraldiko Eskualdeko Txapelketetako garaikurrak ere agertzen dira. Horietako lehenengoan ez zuen parte hartu jardunaldi bakar batean ere, baina bai Kopan; beraz, txapeldun izan zen taldean egon zen.

Jesuitekin batera hazi zen futbolari gisa, lehenik Urduñako barnetegian eta ondoren Deustuko Unibertsitatean. Bertan, lege ikasketak egin zituen eta 1925ean graduatu zen. Urte horretan bertan, Garellanoko soldadutza amaitu eta Chocolates Bilbainos bere familiaren negozioan lanean hasi ondoren, erretiratu egin zen.

Hortik aurrera, abokatutzan eta politikan aritu zen, eta 11 urte geroago, 1936ko urriaren 7an, Gerra Zibilean zehar, historiako lehen lehendakaria bihurtu zen. Bederatzi hilabete eskas iraun zuen karguan, Francisco Franco buru zuen altxamendu militarreko armen indarrez lortutako garaipenak eta ondorengo diktadura frankistak Gobernu osoa erbestera joatera behartu zutelako, beste demokrata eta errepublikano asko bezala. Izan ere, Agirre Lehendakaria ezin izan zen inoiz bere herrialdera itzuli, eta 1960an hil zen Parisen, demokraziarekiko eta askatasunarekiko konpromisozko ondare historikoa utzita. Lehen lehendakariaren bizipenak bere liburuan islatuta geratu ziren: ‘Gernikatik New Yorkera Berlinetik pasatuz’, antzerkira ere egokitu dena.