“Sinestezina da irabazi ez izana”
Marcelinoren esanetan, “Athleticek ez du galtzea merezi izan, Real Madril baino gehiago izan gara”
“Sinestezina da irabazi ez izana”. Argi eta garbi mintzatu da Marcelino Athleticek Real Madrilen aurka Santiago Bernabeun jasotako porrotaren osteko prentsaurrekoan.
Entrenatzaile zuri-gorriak golean asmatu ez izana deitoratu du, baina argi esan du ere Athleticek ez duela galtzea merezi izan: “Hainbat partidatan gertatu zaigun zerbait da hau, eta benetan dinamika aldatzea espero dut. Zorte pixka bat gehiago behar dugu. Hainbeste aukera sortuz, Real Madrilek bizi duen une hain on honetan, ezin da hain sari pobrea eskuratu. Futbola batzuetan bidegabea da, baina gol gehien sartzen dituen taldeak irabazten du”.
Marcelinoren ustez, taldeak merezi baino askoz puntu gutxiago ditu sailkapenean: “Arazo bat dugu golari begira, baina ez aukera faltagatik, azken erabakian izandako ezbeharrengatik baizik. Lehen 20 minutuak kenduta, taldea nagusi izan da gaur, oso errendimendu ona eskaini du, ohi dugun bezala. Behin eta berriz esan dut: ondo gaude, eta hau da bidea”.
Athleticen entrenatzaileak hurrengo partidetan ildo beretik jarraitzearen aldeko apustua egin du: “Horrela lehiatzen jarraitu behar dugu, egiten ari garen bezala. Talde honek meritu asko egiten ditu hain gutxi jasotzeko”.