undefined

“Bolada txarra irauliko dugu”

“Bolada txarra irauliko dugu”

Marcelinok, bere jokalariengan konfiantzarik handiena erakutsi ondoren, zaleen babesa eta gol-eraginkortasunaren hobekuntza eskatu ditu bere taldeak duen emaitza-bolada txarrari buelta emateko

“Ziur nago emaitza negatiboen dinamika aldatu egingo dela, taldeak argudio asko eta lehiakortasun maila oso altua eskaintzen dituelako”. Marcelino konfiantzaz agertu da prentsa aretoan gaur, azken partidetan lehoiek izan duten bolada txarra irauliko dutelakoan. Entrenatzaileak uste du Athletic sendo dagoela jokoaren hainbat alderditan, baina, batez ere, esparru jakin batean egin behar du aurrera: erasoko eraginkortasuna: “Erasoko eraginkortasuna bakarrik hobetu behar dugu. Zenbakiek esaten digute gainerako zelaiak menderatu egiten ditugula. Taldea lehiatzen ari da, nahiz eta gabezi hori izan. Jokalariek defentsa-eraginkortasun izugarria erakusten dute, jakinda edozein akatsengatik zigorra jaso dezakegula une honetan aurkariaren ate aurrean ondo ez egoteagatik. Puntu hori falta zaigu. Jokoaren atal batean, daukagun ona mantendu behar dugu, oso garrantzitsua dena. Errealitatea hau da, eta aurre egin behar diogu erasoan dugun eraginkortasuna hobetzeko”.

Zuri-gorriek Sevilla FC hartuko dute bihar San Mamesen (21:00etan), Ligako bigarren postuan dagoen taldea. Lehoiek euren zaleen aurrean jokatuko duten neurketa oso zaila izango da: “Oso partida gatza da, aurkari oso fisiko eta indartsu baten aurka, baina San Mamesen jokatuko dugu. Talde guztien aurka lehiatu gara, eraginkortasun handiagoarekin edo txikiagoarekin, baina maila gorena emateko nahiarekin, eta Sevillaren aurka ez da gutxiago izango. Emaitza negatiboekin ere, dudan sentsazioa da zaleak bere taldearekin daudela, bere taldeari laguntzen diotela eta zailtasuneko uneetan are gehiago behar dugu haien laguntza. Taldea ilusioz eta anbizioz gainezka zelairatuko da, hiru puntuak etxean gera daitezen”.

Iker Muniainek Getafen jokatzea eragotzi zioten arazo fisikoei buruz, entrenatzaile zuri-gorriak kapitaina prest dagoela adierazi du: “Ondo dago. Pixkanaka taldearekin entrenatzen joan da aste honetan eta egoera ezin hobean dago bihar jokatzeko”.