undefined

Azken urteetako aurkari gustokoenaren aurka, urteak ospatu

Azken urteetako aurkari gustokoenaren aurka, urteak ospatu

Iker Muniain kapitainak gaur 29 urte bete ditu, Athleticek Betisen aurka jokatuko duen egun berean

16 urterekin debuta egin zuen Iker Muniain kapitainak 29 urte bete ditu gaurko egunean. Lehen norgehiagokaz geroztik, 13 denboralditan jantzi du kamiseta zuri-gorria, 365 partida jokatu eta 52 gol sartu dituelarik. Hain justu, abenduaren 19a den honetan, Betisen aurka jokatuko du Athleticek, azken urteetan San Mamesen Muniainek izan duen aurkari gogokoenetakoa.

2016-17 denboralditik gaur 29 urte bete dituen egunera arte, jokalari iruindarrak lau bider urratu du Betisen atea. 2016-17 urtean iritsi zen erdilariaren lehen gola, talde zuri-gorriak 2-1 talde andaluziarra mendean hartu zuen egun berean. Egun hartan hasi zen San Mamesen Muniainen eta Betisen arteko amodio istorioa, hurrengo bi denboraldietan ere gole egiteko gai izan baitzen. 2017-18 denboraldian lehoiek 2-0 garaitu zuten Betis eta egungo kapitaina izan zen markagailua ireki zuen arduraduna eta 2018-19 sasoian, norgehiagokako gol bakarra erdietsi eta hiru puntuak eskaini zizkion Katedralari. Joan berri zen denboraldian iritsi zen Muniainek Betisi San Mamesen sartu dion azken gola, Athleticek 4-0 irabazi zuen gau gogoangarrian kapitainak eguneko hirugarren gola sartu zuen.

Gaur arratsaldean, 16:15etatik aurrera, azken urteetako bolada bikain honi gol gehiago batzeko abagunea izango du Athleticeko kapitainak. Eguna hamarrekoa litzateke kapitainak urteak ospatu, San Mamesen gola egin, Athleticek neurketa irabazi eta hiru puntu batuko balitu.

Zorionak, Iker!