undefined

“Gauzak ondo egiten jarraitu nahi dugu”

“Gauzak ondo egiten jarraitu nahi dugu”

Julen Agirrezabala “oso pozik” dago maila pertsonalean zein kolektiboan, eta taldeak ildo beretik jarraitzea espero du

Julen Agirrezabala Lezamako prentsa aretoan agertu da Real Betisen aurkako garaipenaren biharamunean eta Real Madriden aurka San Mamesen jokatzeko bi egun falta direnean (asteazkena, 21:30ean). Atezainak bere hirugarren partida jokatu zuen lehen taldearekin eta lehen garaipena bizi ahal izan zuen zelaian: “Sufritutako partida izan zen, eta zaila, baina hiru puntu oso garrantzitsu lortu ahal izan genituen. Taldeak ahalegin handia egin zuen markagailuan atzetik egonda. Ilusio handiarekin eta konfiantzarekin sentitu nintzen. LaLigako partidak jokatzen jarraitzea oso handia da niretzat, eta oso pozik nago. Behar zaituztenerako prest egon behar da“.

Agirrezabalak aitortu du beste aurkari zail batekin neurtu behar dituztela indarrak berriro: “Asteazkenean beste partida gogor bat daukagu aurkari handi baten aurka. Badakigu liderra datorrela eta oso talde sendoa da. Askotan atea hutsean uzten du eta gol asko sartzen ditu, baina atzo erakutsi genuen edozeinen aurka lehia gaitezkeela. Bi egun geratzen zaizkigu ondo prestatzeko. Orain arte taldea beti lehiatu da. Partidaz partida joan behar dugu, egunero lanean jarraitu behar dugu partidak irabazten jarraitzeko. Gauzak ondo egiten jarraitu nahi dugu. Hurrengo partidari begira gaude eta ea urtea modu ezin hobean ixtea lortzen dugun Real Madrid bezalako arerio baten aurka hiru puntuak lortuz“.