Gabonetako partidak San Mamesen
Gaur 100 urte Katedralak lehoien eta Danimarkako Boldklubben taldearen arteko partida hartu zuen, Athleticek 1919tik 1952ra Eguberri egunean jokatu zituen 15 norgehiagoketako bat
Duela ehun urteko Eguberri egunean, 1921eko abenduaren 25ean, Athletic Clubek Danimarkako Boldklubben 1893 taldearen aurka jokatu zuen lagunarteko partida batean Katedralean.
Lehoiek 4-3 irabazi zuten, Bilbon jarraian jokatu ziren bi partidetatik lehena; hurrengo eguneko norgehiagokan, aldiz, Kopenhageko taldeak 2-3 irabazi zuen.
Ikusmin handia zegoen hirian, Danimarkako talde batek San Mames bisitatzen zuen lehen aldia baitzen, eta Boldklubben 1893 taldea bere herrialdeko talderik onenetakoa zen une hartan. Gainera, bisitarien taldea indartu egin zen, beste talde batzuetako nazioarteko lau jokalarirekin jokatu zituen neurketak.
Bilboko neguan ohikoak ziren haize bortitzak eta euriak ez zuten eragotzi zale zuri-gorriak Eguberri egunean Katedralera joatea, Athletic aurkari atzerritar baten aurka ikusteko irrikaz zeuden.
San Mameseko ikusleak ikuskizun zoragarria ikusi zuten. Danimarkarrek, erasoko joko indartsuarekin eta erdiraketa zehatzekin, 0-2 aurretik jarri ziren markagailuan lehen 18 minutuetan. Atsedenaldira iritsi orduko, Elexpuruk aldea murriztu eta 1-2koa ezarri zuen.
Lehoiak garaipenaren bila zelairatu ziren atsedenaldiaren ostean, baina Boldklubben berehala suspertu zen, 57. minutuan gol bat sartuz 1-3koa lortu zuen.
Athleticek ez zuen etsi eta presioak bere fruituak eman zituen, Elexpuruk urrutitik ondo jaurtitako bigarren saiakera bati esker aldeak murriztu zituen.
Berdinketaren bila abiaturik, lehoiek oztopo bat aurkitu zuten Boldklubbeneko atepean. Hala ere, berdinketa 83. minutuan iritsi zen. Defentsa daniar batek eskuarekin jokatu zuela baliatuta, Acedok penalti puntutik gola gauzatu zuen 3-3 markagailua ezartzeko.
Garaipenaren gola luzapenean iritsi zen. Jose Antonio Agirreren jaurtiketa atezainak gelditu zuen, baina Carmelo Goienetxeak aldaratzea hartu eta honen errematea garaipenaren golean bilakatu zen.
Laurogeita hamar segundo geroago, epaileak partidaren amaiera adierazi zuen eta 22 jokalariek San Mamesera bertaratu zirenen txalo zaparrada jaso zuten.
1929an LaLiga sortu eta gero, Europako txapelketa ofizialetan parte hartzeaz gain, neguko lagunartekoak -batez ere Gabonetako partidak- gero eta urriagoak bihurtu ziren.
Orain dela gutxi arte festen inguruko beste egun batzuetan partidak jokatu diren arren, Athleticen azken partida, abenduaren 25ean, garaipen bat izan zen Sestao Sporten aurka (1952an).
Athleticen Eguberri eguneko partidak:
- 1919/20 – Vs NAC Breda 5-1
- 1920/21 – Vs FC Bienne 2-0
- 1921/22 – Vs Boldklubben 1893 4-3
- 1922/23 – Vs FK Austria Wien 4-5
- 1923/24 – Vs Slavia Praga 4-4
- 1924/25 – Vs Boldklubben 1903 3-4
- 1925/26 – Vs Sparta Praga 0-0
- 1926/27 – Vs FK Austria Wien 1-2
- 1927/28 – Vs Real Madrid 4-0
- 1930/31 – Vs Real Murcia CF 6-0
- 1932/33 – Vs Deportivo Alaves 0-2 (Ligako partida Mendizorrotzan)
- 1945/46 – Vs XI Invitacional 3-7
- 1949/50 – Vs Newell ‘s Old Boys 1-3
- 1951/52 – Vs Combinado Bizkaia 2-3 (Florida, Portugalete)
- 1952/53 – Vs Sestao Sport 4-6 (Las Llanas, Sestao)
* AC Museoaren argazkia, 1950eko abenduaren 24an San Mamesen jokatutako lagunarteko partida baten Boldklubben-en XI. hasierako argazkia erakusten duena.