undefined

“Taldeak konfiantza eta segurtasuna du egiten duen horretan”

“Taldeak konfiantza eta segurtasuna du egiten duen horretan”

Marcelinok derbi bizia iragarri du, baina bere taldea “une onean” ikusten du

Marcelino García Toralek hedabideen galderei erantzun zien Lezamako prentsa aretotik, urte hasierako bigarren derbiaren atarian, LaLigako 20. jardunaldiari dagokiona. Zuri-gorrien entrenatzailea lehiaketa honetara itzuli da COVID-19aren ondorioz azken jardunaldia galdu ostean: “Bizitako ezerosotasunaren barruan ez nuen inolako sintomarik izan. Aldi berean, ahalik eta lan gehien egiteko aprobetxatu nuen, entrenamenduak ikusten nituen eta denekin etengabeko komunikazioa nuen. Eskertu nahi dut hainbeste lagundu izana“.

Athletic emaitza onak lortzen ari da azken partidatan, baina teknikariaren ustez garaipenik lortzen ez zuenean ere errendimendu ona eskaintzen zuen taleak: “Entrenatzailearentzat, irabazten ez duzunean, zaila da taldea ondo dagoela azaltzea. Gure zenbakiek esaten ziguten lehiaketako talderik onenetako bat ginela jokoaren arlo askotan, eta, aldea da orain ate aurrean asmatzeko gai garela. Golak sartzeak jokalarien konfiantza areagotzen du eta eraginkortasun handiagoa eta irabazteko aukera gehiago ematen dizkigu. Futbol honetan gola da altxorra, baldin badaukazu hurbilago dago helburua. Hala ere, jokoaren gainerako alderdiei erreparatu behar diegu. Gola tematzen zarenean iristen da, konstantea eta ausarta izan behar zara. Gola ez sartzera eramango zaituen gauza bakarra hori egitera eramango zaituzten egoerei ihes egitea da“.

Aurkariari dagokionez, Marcelinok badaki gauzak zail jarriko dizkiela: “Badakigu Mendilibarrek ibilbide oso garrantzitsua duela Lehen Mailan. Bere taldeek filosofia argia dute. Astebetean talde baten jokabidea aldatu du. Presio altua, joko zuzena, aurkako zelaian jokatu, erdiraketa asko… Horrek intentsitate handiz egotera behartuko gaitu. Intentsitate hori berdintzeko eta indargabetzeko gai izan behar dugu. Une onean gaude, taldeak konfiantza eta segurtasuna du egiten duen horretan, eta aurkaria baino gehiago izateko eta hiru punturekin bueltatzeko asmoz joango gara“.