
“Irabazteko aukera ederra galdu dugu”
“Irabazteko aukera ederra galdu dugu”
Marcelinok, puntu bat erdietsi ostean, azken herenean izandako intentsitate eta mugikortasun falta deitoratu du
Marcelino Garcia Toral hedabideen aurrean agertu da Alavesen eta Athleticen arteko derbiaren amaieran. Arabarren eta zuri-gorrien arteko norgehiagokak, golik gabeko berdinketarekin amaitu dena, zapore gazi-gozoa utzi du entrenatzaile asturiarrarengan: “Aurkariak baino meritu gehiago egin ditugu eta emaitzak deseroso uzten nau, irabazteko aukera ona galdu baitugu. Egoerak menderatu ditugu, Alavesek oso gutxi sortu digu. Defentsari dagokionez, ondo aritu gara, baita baloiarekin ere, baina azken herenean intentsitatea, oldarkortasuna eta lehiak irabaztea falta izan zaigu. Bizitasuna falta izan zaigu”.
Lehoiek partida bikaina jokatu dute hainbat arlotan, baina ez berdegunearen azken herenean: “Ez dugu erabaki egokirik hartu, eta ez diogu areari eraso aurreko jardunaldietan bezala. Intentsitatea eta mugikortasuna falta izan zaigu, Alavesen aurka jokatzea ez baita erraza”
Erlazionatutako partidak
Deportivo Alavés - Athletic Club

