undefined

“Titulua berretsi dezakegu”

“Titulua berretsi dezakegu”

Raul Garciak “ilusioz gainezka” ikusten ditu jokalariak, nahiz eta talde zuri-gorriak “aurreko denboraldiko talde onenen aurka” neurtuko dituen indarrak

Raul Garcia Athleticeko aurrelariak Lezamako instalazioetatik komunikabideak artatu ditu Saudi Arabiara abiatu aurretik, bertan Athleticek Superkopako txapeldun titulua defendatuko baitu. Zuri-gorriek Atletico Madrilen aurka neurtuko dituzte indarrak ostegun honetan (20:00etan), final-erdietan. Aurrelari nafarrarentzat partida gogorra eta zorrotza izango da: “Superkopa irabazteko duen zailtasuna benetakoa da. Joan den denboraldiko talde onenen aurka jokatuko dugu, eta denok dakigu zein zorrotza den Atletico Madrilen aurka jokatzea. Hala ere, behin egin genuen eta balentria errepikatuko dugulakoan gaude”.

Talde zuri-gorria Saudi Arabiara bidaiatuko da txapeldunaren papera defendatzeko pentsaerarekin: “Klubaren historiagatik, beti ateratzen gara lehiatzeko eta partidak irabazteko mentalitatearekin, eta lehiaketa honetan, ez da desberdina izango. Ez da erraza izango, baina gogo, ilusio eta uste osoa dugu titulua berreskura dezakegula”.

Taldeak dituen sentsazioei dagokienez, ‘Rulo’-k aitortu du taldeari gustatuko litzaiokeela lehiaketa honi garaipen batekin aurre egitea: “Partida bakoitzean bezala, Alavesi irabazi nahi genuen, taldeak jokoa kontrolatu zuen, baina aukera gehiago sortzea eta ate aurrean zehatzagoak izatea falta izan zitzaigun. Badakigu gaur egungo futbolean zaila dela hiru puntuak aurrera ateratzea. Hala ere, taldearen konfiantza berdina izaten jarraitzen du. Gauzak ondo egiten ari garela uste dugu, goranzko bidean gaude eta gero eta erregularragoak gara gure jokoarekin. Sentsazio onekin iritsi ginen lehiaketa honetara”.

Raul Garciak Superkopa aukera gisa ikusten du Athleticek jokatu zituen azken bi finalei aurre egiteko: “Galdu arren, bi finaletara iritsi ginen. Jakina, beti irabazi nahi dituzu, baina esperientzia horiek heldutasuna ematen dizute. Kolpe asko ematen dira futbolean, eta ondo eramaten jakin behar da. Hori esanda, ostegunetik aurrera Superkopa irabaztea izango dugu helburu, eta horrekin, kluba eta gure zale zurigorriak zoriontsu egitea”.