undefined

“Ez dugu goian egoteko borrokatik askatu nahi”

“Ez dugu goian egoteko borrokatik askatu nahi”

Entrenatzaile zuri-gorriak ondo ikusten du taldea bihar Betisen aurka hiru puntuak eskuratu ahal izateko eta Txapeldunen Ligako postuetatik ez aldentzeko

Lezaman Real Betisen aurka jokatzeko 24 ordu eskas falta zirenean, Iraia Iturregik bere iritzia eman du komunikabideen aurrean. Loiukoak baieztatu duenez, min hartuta dagoen Yulema Corres ez da partida jokatzeko iritsiko, eta aurreko jardunaldian galdu arren, taldea egoera onean ikusten du aste gogor honetan jokatu behar dituzten bi partidei aurre egiteko.

Taldea ondo dago. Gauza asko egin genituen ondo Reale Arenan, baina biharko partidarako zuzenketa batzuk ere egin ditugu. Badakit azken partidetan ez dugula garaipen askorik lortu, baina sentsazioak eta jokoa onak dira. Taldeak aukerak sortzen ditu, baina pixka bat gehiago asmatzea falta zaigu“, zehaztu zuen Iturregik.

Bihar Betisen bisita jasoko dute eta entrenatzaileak ezin du joaneko partidako porrota ahaztu (4-2): “Han egin genuen denboraldiko lehen zatirik txarrena, aukerarik gabe geratu ginen eta ez ginen batere ondo lehiatu. Niri eta jokalariei min handia eman zigun. Arantzatxo hori ateratzeko gogoa dugu, eta sentsazio txar hori kentzeko aukera ona dugu” esan zuen lehoiek Deportivo Alavesen aurka lortutako azken garaipena gogoratuz.

“Betis oso talde bizia da”

Real Betisen arriskuari dagokionez, Iraiak nabarmendu zuen “sailkapenaren goialdean ez dagoen taldea den arren, Levanteri irabazi zion pasa den asteburuan, zenbait baja izanda gainera. Aurkari zaila da. Aurrera begira defendatzen duen taldea da, bizia, eta ez dizu jokatzen uzten. Oso jokalari onak ditu“. Geldikako jokaldietan espezialista den Angela Sosa nabarmendu zuen eta, bere ustez, arlo horretan talderik onenetakoa da.

Lehoiek hamazazpigarren jardunaldi honetan jokatuko dute urteko lehen partida etxean: “Etxean eroso sentitzen gara, zaleek babestuta. Zorionez, ligako zelairik onenetako bat daukagu, eta ondo doakigu egin nahi dugun jokorako“.

Hiru puntuek ezin dute inola ere alde egin, ezinbestekoa baita goian egoten jarraitzeko. Bederatzi edo hamar puntu galdu ditugu eta amorrua ematen du. Partida guztiak dira garrantzitsuak, baina huts egiten badugu, goiko postuetako borrokatik askatuko gara. Orain Txapeldunen Ligatik bostera gaude eta murriztu daitekeen tartea da, baina biharkoa bezalako partidak irabazi behar dira“.