undefined

“Gau magikoa izan da”

“Gau magikoa izan da”

Marcelinok bere jokalarien jarduna goraipatu eta “gozarazi” zutela aitortu zuen

Marcelino Garcia Toral pozarren eta hunkituta agertu zen bere taldeak Kopako final-laurdenetara sailkatzeko FC Bartzelonari irabazi zion partidaren amaieran: “Kopako gau bat San Mamesen beti da berezia, eta gaur magikoa bihurtu da. Niretzat zaila izango da ahaztea, bizi naizen artean ez dudala ahaztuko uste dut. Jokalariek gozarazi naute. Gehiago izan gara minutu gehienetan aurkari handi baten aurka. Futbola bidezkoa izan da gaur Athleticekin, eta hori guztia zaleek sortu duten giroarekin apainduta“.

Ezbeharren aurrean suspertzen jakin zutela nabarmendu zuen entrenatzaile zuri-gorriak: “Hasi eta berehala gol bat sartu dugu, berdindu egin gaituzte, baina horrek ez digu zalantzarik sortarazi. Uste dut atsedenaldira abantailarekin joan behar genuela. Berriro aurreratu gara eta, garaipena laztantzen ari ginenean, partida luzapenera joan da eta altxatu egin gara. Datu guztiek, jabetzak izan ezik, esaten digute nagusi izan garela eta horrek garaipen justua ematen digu“.