undefined

“Rayok asko exijituko digu”

“Rayok asko exijituko digu”

Rayo Vallecanoren “bertikaltasuna eta bigarren jokaldietako trebetasuna” nabarmendu ditu entrenatzaile zurigorriak

Kopako gau gogoangarriaren ondoren, LaLigako jardunaldi berri bater itzuliko da Athletic. Madrilera abiatu eta Rayo Vallecanoren aurka jokatu aurretik, Marcelino García Toralek Lezamako instalazioetan bertan zeuden komunikabideen galderak erantzun ditu. Entrenatzaile asturiarrak biharko partidaren exijentzia azpimarratu du: “Rayo oso urte ona egiten ari da, etxean jokatzen dituen partiden emaitzetan sendotuta. Euren zelaian Real Madrilek baino zenbaki hobeak dituzte. Etxetik kanpo errendimendu ertaina izan ez balute, sailkapenean gorago leudeke. Oso ondo jokatzen eta jokoaren ideia oso argia dute, duten plantillarekin eta jokatzen duten estadioarekin bat datorrena. Asko exjituko digute, zelai zaila da, baina irabaztea besterik ez dugu buruan. Profesional gisa, gure betebeharra partida bakoitza irabazteko asmoarekin lehiatzea da. Horretarako, norgehiagoka guztiek tentsio, ahalegin handiena eta, jakina, ate aurrean asmatzea eskatzen dute”.

Taldearen egoera fisikoaz galdetuta, Marcelinok adierazi du, aurreko ostegunean egindako ahaleginaz harago, taldeak prestaziorik onenarekin irten behar duela Vallecaseko zelaira: “Ostegunean partida bikaina jokatu genuen, genuen guztia eman genuen, baina txapelketa horrelakoa da, eta beste partida gogor bat dugu aurretik. 90 minutuetan erakutsi beharko dugu barruan dugun guztia. Zangoak astunak izan arren, aktibazio onenarekin prest izan beharko ditugu. Jokoari berehalako erantzunak eskatzen dizkion taldearen aurka eta zelaian lehiatuko gara. Edozein baloi galduz gero, atea aurrean sartzen dira, bigarren jokaldiak ezinbestekoak dira, eta horrek erabakiak azkar eta egoki hartzea dakar. Rayo ondo eta azkar erasotzen duen taldea da. Oso bertikalak dira, ezker hegala oso indartsua da erasoan eta alboko erdiraketa asko egiten dituzte goitik oso ondo doazen jokalarientzat zuzendutakoak. Oso talde solidarioa da, oso zaila. Ez da ezer berria, etxean jokatutako hamar partidetan zortzi irabazi dituzte eta bi berdindu. Gauzak oso ondo egiten dituztela esan nahi du horrek”.

Iker Muniain kapitainaren baja nabarmenari buruz, hau izan da Marcelinok azaldu duena: “Lesioren bat dagoenean edo orain bizi dugun egoerarekin norbaitek positibo ematen duenean, ez dira albiste onak entrenatzailearentzat. Hala ere, denbora asko daramagu egoera honetan, eta ohituta gaude. Entrenatzaileoi ez zaigu gustatzen, aukeraketa eta taldearen aukerak murrizten dituelako. Garrantzitsuena da jokalaria etxean ondo eta arazorik gabe dagoela”.