undefined

Partida Aurrekoa: Rayo Vallecano vs Athletic Club (LaLiga 22.J)

Partida Aurrekoa: Rayo Vallecano vs Athletic Club (LaLiga 22.J)

Gaur arratsaldean (18:30ean) vallecarren eta bilbotarren arteko norgehiagokari buruzko informazio guztia

Bi aste beste lehiaketa batzuetan murgilduta egon ondoren, LaLiga itzuliko da Athleticentzat eta etxetik kanpo ariko da oso lehiakorra den zelai batean. Lehoiek Rayo Vallecano talde errebelazioa bisitatuko dute, maila gorenera igo ondoren denboraldi bikaina egiten ari dena. Iraolaren mutilek ez dute euren etxean porrota ezagutzen eta Vallecasen jokatutako hamar partidetatik zortzi aldiz garaipena lortu dute. Bestalde, Marcelinoren taldeak beste garaipen bat bilatuko du San Mamesetik urrun, 2022an LaLiga Santanderren galdu gabe jarraitzeko.

Deialdia

Superkopako eta Kopako neurketen ondoren, Marcelinok 19 jokalariko zerrenda osatu du gaur arratsaldean Rayo Vallecanoren aurka jokatuko duen partidarako. Zerrendan Yuriren agerpena nabarmentzen da, lehen aldiz erregulartasun txapelketari dagokion deialdi batean sartu baita. Unai Nuñez eta Ander Capa ere, biak deialditik kanpo Mendizorrotzan jokatu zen LaLigako azken jardunaldian, erabili ahal izango ditu entrenatzaile zuri-gorriak. Gainera Juan Artola, atzo UD Extremadura taldearen aurka jokatu zuen Bilbao Athleticeko erasotzailea, Madrilerako bidean da une honetan, eta kontzentrazio-hotelean elkartuko da taldearekin.

Aitzitik, Iker Muniain baja izango da, egindako azken antigeno-testean positibo eman ostean; De Marcos, Yeray eta Oihan Sancet aste honetan lesionatuen zerrendan sartu direnez gero, ezingo dute Vallecasen jokatu. Asier Villalibrek eta Unai Vencedorrek beren errekuperazio prozesuekin jarraitzen dute eta ez dute taldearekin bidaiatu.

Marcelino

Hemen Marcelino Garcia Toral Athletic Clubeko teknikariak Vallecaseko partidaren aurretik komunikabideen aurrean egindako agerraldia ikus dezakezu.

Aurkaria

1924an sortu zen Rayo Vallecano, UEFA Kopan (2000-01) eta 19 denboralditan Lehen Mailan lehiatu da. 2017-18 denboraldian Bigarren Mailako txapeldun bilakatu zen, gizonezkoen lehen taldeko lehen titulu ofiziala izan zena. Gaur egun, Andoni Iraola lehoi ohiak zuzentzen du LaLigako sailkapeneko zortzigarren postuan dagoen taldea, 31 punturekin, Athletic Clubek baino hiru puntu gehiagorekin. Bilbotarrek eta madrildarrek 2018-19 denboraldian jokatu zuten azkenekoz Vallecasen, 1-1 berdinketan amaitu zen partida.

Azken bost partidetan, vallecaseko taldeak era guztietako emaitzak lortu ditu: bi garaipen (RCD Espanyol eta Alavesen aurka), berdinketa bat Real Betisen aurka eta bi porrot, biak etxetik kanpo Villarreal eta Atletico Madriden aurka. Rayo bere zelaian egiten ari den denboraldi bikaina azpimarratu beharra dago; jokatutako hamar partidetatik zortzitan lortu dituzte hiru puntuak, eta gainerako bi norgehiagoketan puntu bat. Oraingoz, ez da inor Vallecasetik hiru puntuekin itzuli.

Estatistikak

1977-78 denboraldian LaLigan lehen aldiz jokatu zutenetik, Rayo Vallecanok eta Athleticek 37 partida jokatu dituzte maila gorenean, eta balantze positiboa izan dute zuri-gorriek: 19 garaipen, 9 berdinketa eta 9 porrot.

Vallecasen jokatutako partidei dagokienez, gaur arratsaldeko neurketan estatistiken balantza desorekatuko da. Bi taldeek elkarren aurka jokatu duten 18 aldietan, Athletic Clubek garaipen, porrot eta berdinketa kopuru bera lortu du: sei.

Lehia zuzenei dagokienez, Athleticek Vallecasera egindako azken bost irteeretan, bi garaipen, bi berdinketa eta porrot bakarra erdietsi ditu.

Kontsultatu Rayo Vallecanoren aurkako estatistika guztiak.

Athleticzaleak munduan zehar

Zauden lekuan zaudela, ziurtatu gure Athleticen partida ez duzula galtzen.

Global-kick-off-times-LaLiga-MD22-Rayo-Vallecano-vs-Athletic-Club-23-01-2022