
Porrot duina FC Barcelonaren aurka
Porrot duina FC Barcelonaren aurka
Logikak agindu du Lezaman, eta lehoiek, ikusleek babestuta, 0-3 galdu dute
Primera Iberdrolako 22. jardunaldian Athletic Clubek 0-3 galdu zuen FC Barcelona liderraren aurka. Lehoiak oso ondo sartu ziren partidara eta atsedenaldiaren atarian jaso zuten lehen gola. Kontraerasoetan aukerak izan zituzten, baina aurreikusitako gidoiari jarraitu zion Kataluniako taldeak, nagusitasunez eta ekimenez.
Zuri-gorrien aldetik, Lucia Garcia, beti aktibo, eta Eunate ezker hegaletik erasoko gunean zeudela hasi zen norgehiagoka. Barça neurketaren jabe zen eta abagune asko zituen, baina atzelari zuri-gorriek eta Quiñonesek eragotzi zuten blaugranen lehen gola. 17. minutuan Eunatek argiena izan zuen Iraia Iturregiren neskentzat eta zaleek babestuta eusten zioten markagailuari. 41. minutuan, eta Quiñonesen geldiketa eder baten ondoren, Marta Torrejonek bere taldea aurreratu zuen. Irudi bikaina lehen zatian.
Aldageletatik bueltan, Oshoalak bigarren gola egin zuen 50. minutuan aldaratze bat aprobetxatuta. Abantaila gero eta handiagoa zen, baina lehoiek ez zuten etsi eta kontraerasoetan arriskua zeramaten Pañosen atera. Zaleek zuri-gorrien indarrei eusten zieten. Hala ere, berriro area barruan solte zegoen beste baloi batean, Marionak 0-3koa erdietsi zuen 62. minutuan. 76. minutuan Alexia Putellasek laugarrena egin ahal izan zuen geldikako jokaldi batean eta behetik zihoan beste jaurtiketa batekin.
FC Barcelona nagusi izan zen arren, lehoiek amaierara arte borrokatu zuten eta gol-zaparrada bati ekiditen saiatu ziren. Lucia Garciak golaren bila jarraitzen zuen, baina Athletic Clubek ez zuen liderrari golik sartzea lortu. Erikak ere, historiako golegile nagusiak, ezin izan zuen Paños gainditu 90. minutuan jokaldi bikain baten ondoren. Merezitako atsedena izango dute orain Iturregik zuzendutako jokalariek, eta arretaz prestatuko dute hurrengo neurketa. Kasu honetan partida erabakigarria izango da, Lezaman jokatuko den Kopako kanporaketa, Sevilla FC taldearen aurka (martxoak 2 edo 3).