Erika Vazquez, errekorreko lehoia
Aurrelariak 39 urte bete ditu gaur, eta aste oso berezia utzi du atzean, jokatutako partida ofizialen rankingean lehen postuan jarri ondoren
Athletic Clubentzat aste oso berezi bat atzean geratu da Atletico Madrid eta FC Barcelona bezalako bi talde handiren aurka jokatuta eta Erika Vazquezentzat ez da gutxiago izan. Aurrelariak, gaur 39 urte betetzen ditu, Eli Ibarrak ordura arte defendatzen zuen partida ofizialen marka (413) gainditu zuen pasa den asteazkenean. Nafarra hamaikakoan sartu zen madrildarren aurrean eta bere lagun handiaren marka hautsi zuen.
17 denboraldi dira lehoi bezala (beste errekor bat) eta Erika, Klubaren historiako bigarren golegile nagusia (263 gol) Zarraren atzetik, ez da nekatzen. Golak egiten, kalitatea erakusten eta bere pasioaz gozatzen jarraitzen du: “Athleticek dena eman dit, eta harro egoteko modukoa da hainbeste urtetan kamiseta hau defendatzea”, esan zuen futbolariak prentsa-aretoan, Atleticori gailendu ostean.
Mugarriaren ondoren, San Mamesen, gizonezkoen kopako finalerdian, eta Lezaman izan ziren errekonozimenduak. Hurrengo ZOOMean Erika Vazquezek bere erretinan betirako gordeko dituen aste bateko unerik hunkigarrienak jasotzen dira.