
Elizegi: “Kopako finalerdi batek errespeturik handiena merezi du”
Elizegi: “Kopako finalerdi batek errespeturik handiena merezi du”
Athletic Clubeko presidenteak uste du erakundeen artean posible dela “bi taldeentzako atsedenaldi eta baldintza berdineko partida bat” koordinatzea
Aitor Elizegi hedabideen aurrean agertu da Lezamako prentsa aretoan gaurkotasun zuri-gorriko hainbat gairi buruz erantzuteko.
Kazetarien galdera gehienak Valentzia CFren aurkako Kopako finalerdiaren ordutegiari buruzko polemikaren ingurukoak izan dira, eta Elizegik erantzun egin du: “Gure ustez, Kopako finalerdi batek Estatuko futbolaren bi erakunde nagusien errespetu osoa merezi du. Data koordinatu zitekeen eta koordinatu behar zen, baldin eta horrelako goi mailako partida bat bi taldeentzat atsedenaldi logiko batekin eta baldintza berdinetan antolatzeko”.
Klubak gai honetan eman dituen pausoei buruz galdetu diotenean, Athleticeko presidenteak zera azaldu du: “Ligari eta Espainiako Futbol Federazioari jakinarazi diegu bi partidak ahalik eta gehien aldentzearen alde lan egin dezatela. Partiduak igande gaueko 21:00etan eta asteazken gaueko 21:00etan izango dira, eta biek esaten dute ‘partidatzarrak” izango direla, baina horrela lortzen dutena da futbolaria arriskuan jartzea. Gure iritziz, Ligak Kopako final-laurdenak amaitu ondoren programatu behar zuen jardunaldia, eta, aldi berean, aldaketa txikitzat jotzen dugu Valentziaren neurketako ordutegi-aldaketa. Guk ez genuen hori bilatzen. Berriro diot, Kopako finalerdi baten mailako partida batekiko errespetua gura dugu”.
Hauteskundeak 2022ko ekainean
Aitor Elizegik berretsi du Athletic Clubeko presidentziarako hauteskundeak 2022ko ekainean izango direla eta, ordura arte, Zuzendaritza Batzordeak lau ideia nagusiren inguruan lanean jarraituko duela: “San Mamesen herri harmaila bat jartzea, taldeari bere helburuak lortzen are gehiago laguntzeko; Europa, kirol bidez lortzea; Kopa, baita emakumezkoen Kopa ere, ilusio handia pizten duena; eta Estatutuen erreforma bat, bazkideoi klubaren egunerokoan gehiago parte hartzeko aukera emango diguna”.
Herri Harmailari buruz, Elizegik gaineratu du Kopak berriki San Mamesen utzi dizkigun hiru gau magikoek are argiago uzten dutela “horrelako harmaila batek urtean partida askotan giro hori mantentzen” lagunduko lukeela: “Horixe da gure ekimenaren helburu nagusia”.
Azkenik, eta igandeko derbiari dagokionez, presidente zuri-gorriak esan du “bi talde handiren arteko norgehiagoka bikaina” izango dela, bai eta “euskal kulturaren jaia. Uste dut akatsa dela lehia historiko hori beste gai batzuekin nahastea”.