undefined

Pitxitxi: Athleticen lehen mitoa hil zenetik ehun urte

Pitxitxi: Athleticen lehen mitoa hil zenetik ehun urte

Rafael Moreno ‘Pitxitxi’ Clubaren historiako ikono handienetako baten heriotzaren mendeurrena da gaur, martxoak 1

Rafael Moreno ‘Pitxitxi’ Athletic Cluben historiako ikono handienetako baten heriotzaren mendeurrena da gaur, martxoak 1. Gaur egungo belaunaldiek aurrelari zuri-gorri mitikoa ezaguna dute, Ligako golegile nagusiari ematen zaion garaikurrari izena emateagatik edo San Mames lehen aldiz bisitatzen duen taldeko kapitainak, zuri-gorrien kapitainarekin lagunduta, brontzezko bustoaren aurrean egiten duen lore-eskaintzagatik. Aurrelari bikain honen argazki klasikoan lau korapiloko zapi bat ageri da buruan, baloiaren joskerak kaltetu egin ez diezaion. Estatuko futboleko lehen golegile handiaren irudia da.

Pitxitxi, Alde Zaharreko Santa Maria kale bilbotarrean, 1892ko maiatzaren 23an jaio eta 1922ko martxoaren 1ean hil zen, 29 urte besterik ez zituela. 1913ko martxoaren 17an egin zuen debuta partida ofizialean, 21 urte bete gabe zituela. Bikain aritu zen, Real Madrilen aurka, eta bi minuturen buruan hasi zen bere legenda jorratzen, ate zurian gola sartuta. Gol goiztiar hark lehoi hasiberri baten marka izaten jarraitzen du eta, gainera, bederatzi minutu beranduago bigarrena sartu zuen. Izar bat jaio berria zen.

Athletic menderatzaile baten buru izan zen oraindik Liga existitzen ez zen urte haietan; txapelketa ofizialak Kopa eta Eskualdekoa ziren, baina lagunartekoek gaur egun baino askoz ere balio handiagoa zuten. San Mameseko inaugurazio egunean, 1913ko abuztuaren 21ean, sartutako lehen golaren egilea izan zen (Athletic Club 1- Real Racing Irun 1). Pitxitxik 89 partida ofizialetan 83 gol sartu zituen, nahiz eta kopurua 200 baino handiagoa izan lagunartekoak kontuan hartuz gero. Eskualde Txapelketako bost titulu ere baditu (1914, 15, 16, 20 eta 21), eta Espainiako lau txapelketa (Kopa), 1914, 15, 16 eta 21ekoak. Klubak jabetzan duen lehen Kopako garaikurra irabazi zuen.

Bere curriculuma 1920ko Anberesko Olinpiar Jokoetan parte hartzearekin handitu zen, Espainiako lehen selekzioarekin jokatuta. Pitxitxik zilarrezko domina eskuratu zuen, eta bost partidetan parte hartu zuen jokalari bakarra izan zen. Urtebete geroago, erretiroa hartzea erabaki zuen, eta futbol epaile lanetan aritu zen (San Mamesen partida bat zuzendu zuen), sukar tifoideoengatik behar baino lehen hil aurretik. Antza denez, ostra batzuk egoera txarrean jan zituen. Beraz, lehen mito zuri-gorriaren heriotzaren mendeurrena ospatzen da gaur.