undefined

Partida aurrekoa: Valencia CF vs Athletic Club (Kopa 1/2 Itzulerakoa)

Partida aurrekoa: Valencia CF vs Athletic Club (Kopa 1/2 Itzulerakoa)

Kontsultatu zuri-gorrien eta valentziarren arteko partida erabakigarriaren xehetasun guztiak, biak Kopako final baten bila

Athletic Clubek denboraldiko partidarik garrantzitsuenetako bat jokatuko du gaur, 21:30etik aurrera. Mestalla izango da Kopako final berri bat lortzeko azken oztopoa. San Mamesen lortutako berdinketak, eta etxetik kanpoko golen balio bikoitza baliogabetzeak, neurketa oso irekita uzten dute. Bi taldeek finalean sartzeko aukera argiak dituzte. Lehia handiko neurketa bizia aurreikusten da, joaneko norgehiagokaren bigarren kapitulua. Lehoiak Kopako hirugarren finalerako sailkatzen saiatuko dira jarraian; Valencia CF-k 2019ko agertoki berera iristea izango du helburu, Marcelino Garcia Toralek, egungo entrenatzaile zuri-gorriak, txapelketa hau irabaztea lortu zuenekora. Gaurkoa kale edo baleko partida erabakigarria izango da.

Deialdia

Marcelino Garcia Toralek eskuragarri dituen lehen taldeko jokalari guztiekin egingo dio aurre gaur gauean Mestallan eta Valentziaren aurka (21:30ean) jokatuko den Kopako finalerdien itzulerako partidari.

25 jokalarik osatzen dute zerrenda: Unai Simon, Ezkieta, Agirrezabala, Petxarroman, Nuñez, I. Martinez, Yeray, Vesga, Berenguer, O. Sancet, I. Williams, Muniain, Vivian, Dani Garcia, I. Lekue, Vencedor, Yuri B., De Marcos, Zarraga, Villalibre, Capa, Raul Garcia, Balenziaga, N. Williams eta Serrano.

Marcelino

Hona hemen Marcelinoren adierazpenak, gaur gaueko finalerdiaren itzulikoaren aurretik eginikoak.

Aurkaria

1919an sortua, Valencia CF-k Kopako zortzi garaikur lortu ditu bere historian zehar. Talde Valentziarrak 2018-19 denboraldian eskuratu zuen azken titulua, Marcelinoren aginduetara FC Barcelona mendean hartu zuenean Benito Villamarin zelaian, 1-2eko emaitzarekin.

Garaipen honetaz gain, Valentziako taldearen palmaresean 6 Liga, Espainiako Superkopa 1, UEFAko 3 Kopa, Europako 2 Superkopa, Eva Duarte Kopa 1 eta Europako Errekopa 1 nabarmentzen dira.

Jose Bordalasek zuzentzen duen taldeak 0-1 irabazi zuen Mallorcaren aurka LaLigako azken jardunaldian, eta Barçaren aurka azken aurreko neurketan etxean jasotako porrot mingarria gainditu du. Thierry Correia min hartuta dago eta ezin izango du gaur gauean jokatu. Gainera, Maxi Gomezek zigorra bete beharko du joaneko partidan San Mamesen kanporatua izan ostean.

Estatistikak

Athletic Clubek eta Valencia CF-k 13 aldiz neurtu dituzte indarrak Kopan. Bien arteko balantzea oso berdindua da, guztira bost garaipen eta hiru berdinketa ditu talde bakoitzak. Gainera, bi taldeek batak bestea finalean mendean hartzea ere lortu dute. Gaur balantza desorekatu egingo da.

Bi taldeek Mestallan jokatutako kopako lehiaketari dagokionez, zuri-gorriek ez dute inoiz garaipenik lortu. Berdinketa batek eta hiru porrotek Mestalla plaza zaila dela baieztatzen dute. Hala ere, bi taldeen arteko hirugarren finalerdia da honakoa eta azken bi kanporaketetan zuri-gorriek garaipena lortu zuten.

Mancha Real, FC Barcelona eta Real Madrid kanporatu ondoren, lehoiek Mestallan jokatuko dute beste final batera iristeko azken partida. Utrillas, Arenteiro, Cartagena, Atletico Baleares eta Cadiz kanporatu ostean iritsi da Valencia finalerdietara.

Athleticzaleak munduan barrena

Zauden tokian zaudelaez ezazu galdu Athleticen gaurko zita garrantzitsua.