
“Denboraldia ez da hemen amaitzen”
“Denboraldia ez da hemen amaitzen”
Unai Simonek Kopako kanporaketaren etsipena gainditu eta Europarako sailkatu daitezkeela uste du
Unai Simonek prentsaurrekoa eskaini du astelehenean San Mamesen Levante UD taldearen aurka jokatuko duten partidaren atarian. Lehoiek Kopako kanporatzea alde batera utzi nahi dute, eta gainerako LaLigako 12 jardunaldietan Europako postuetara iristeko ahalegina egiteko: “Kolpe gogorra izan da, baina dagoeneko denbora nahikoa igaro da hori asimilatzeko, buelta emateko, eta orain gure lehentasun bakarra asteleheneko neurketa da. Futbol profesionalean ikasi beharreko gauzak dira. Oraindik 12 jardunaldi ditugu aurretik eta denboraldi hasierako gure helburua Europan sartzea da. Oraintxe bertan seigarren postutik zazpi puntura gaude. Geratzen diren partidetan San Mames gotorleku bihurtu behar dugu eta kanpora joaten garenean dena eman. Desabantailan abiatzen gara, baina lehia zuzenak daude eta jarrera handinahia eta irabazlea izan behar dugu. Orain arte izan badugu, are gehiago. Uste dut lor dezakegula, askotan izan gara gai eta hau ez da ezberdina izango“.
Kolpe gogorra jaso duten arren, Simonek taldearen azken ibilbidea goraipatu du: “Iaz eta aurten egin dugunaz jabetu behar dugu, lau finaletara iritsi gara Superkopakoa irabazi genuena barne eta eta aurte Kopako finalerdietan kanporatu gaituzte. Jakina, epe hurbilean ikusten dugu azkenak galdu egin ditugula, ez dugula hainbeste irrikatzen dugun titulu hori lortu, baina denborarekin konturatuko gara zein garrantzitsua eta handia egin diogun klub honi aurreko kanporaketak igarota. Irabaztea da politena, baina jendearengan eta aldagelan ikusi dugun ilusioa baloratu egingo dugu, eta ikusiko dugu oso zaila dela egin duguna“.
Azkenik, atezain zuri-gorriak hurrengo aurkariaren maila azpimarratu du: “Dinamika oso onean datoz, nahiz eta jaitsiera postuetan egon. Oso futbol zuzena proposatzen duen taldea da, aurrelari erabakigarri eta azkarrekin. Zorte txarra izan du emaitza askotan, baina joko ikusgarria planteatzen du eta asko exijituko digu, batez ere defentsari dagokionez, erasoan asko trebatzen delako. Euren erasoei eutsi eta defentsan dituzten ahuleziak baliatu beharko ditugu norgehiagoka irabazteko“.
Erlazionatutako partidak
Athletic Club - Levante UD

