
“Garaipenak toki onean jarriko gintuzke sailkapenean”
“Garaipenak toki onean jarriko gintuzke sailkapenean”
Marcelinok “goitik zer lortu dezakezun” pentsatu eta ez dela ezerekin konformatu behar uste du
Kopako finalerdietako itzulerako partida galdu ondoren, LaLiga San Mamesera itzuliko da 27. jardunaldia jokatzeko. Bihar, astelehena, 21:00etan Levante UD taldearen aurka jokatu aurretik, Marcelino Garcia Toralek prentsaurrekoa eskeini du Lezamako instalazioetan.
Entrenatzaile asturiarrak Kopa txapelketako kanporaketaren ondoren taldeak bizi duen egoeraz hitz egin nahi izan du: “Ondo egon behar dugu, triste eta desilusionatuta egon ginen lehiaketa bikaina egin ostean, bi hautagai nagusiak kanporatuz, gero Valentziaren aurka galdu eta gero, oso talde ona baita. Hori amaitutakoan, jaiki eta aurrera jarraitu behar da. Taldea ondo dago eta pentsamolde egokia izan behar dugu partida honi ilusioz eta anbizioz aurre egiteko, jakinda San Mamesen gure zaleekin jokatzen dugula. Garaipen bat eman behar diegu, eta, gainera, oso posizio onean jarriko gintuzke sailkapenean”.
Taldearen helburuez galdetuta, Marcelinok argi dauka: “Helburua bihar irabaztea da, ez zait gustatzen epe luzerako helburuetan pentsatzea, pausoz pauso joan behar dugu, eta hurrengo pausoa Levante da. Partida honetan jarri behar dugu arreta eta lehiakorrak izan, denboraldi osoan izaten ari garen bezala. Sasoi honetan 40 puntu batzea oso zenbaki onak direla uste dut. Beti pentsatu behar da zer lor dezakezun goitik, eta ez konformatu non zauden”.
Entrenatzaile zuri-gorriak badaki Levante taldeak zailtasunak jarriko dizkiela eta Katedralean garaipena lortzea oso garrantzitsua dela: “Talde handia da, emaitzen dinamika oso onean datorrena, denboraldiko onena, eta maila mantentzeko ilusioarekin. Partida zaila izango da, baina irabazi egin behar dugu, min handia egin zigun emaitza batetik gatozelako, eta egoerari buelta emateko modurik onena garaipena lortzea da”.