
ECAko partaideek gorazarre egin diote Athletic Clubi
ECAko partaideek gorazarre egin diote Athletic Clubi
San Mamesen egindako kongresuak Europako klubei erakutsi die Lezamako proiektuaren indarra eta familia zuri-gorriaren parte izatearen sentimendua
San Mamesen joan den astearte eta asteazkenean burututako kongresuan parte hartu duten European Club Associationeko (ECA) 45 klub europarrek pozik baloratu dute biltzarra, bai bileraren mailagatik eta bai Athletic Clubek bere proiektuaren alde egiten duen sentipenak hunkituta.
Ekitaldian beste klub batzuek egindako erakusketa emankorrez gain (esaterako, futbolarien prestakuntzan erreferenteak diren bi eskolak, Olympique Lyon eta TSG 1899 Hoffenheim alemaniarra), Athletic Clubek harrobiko erreferentziazko mezuak eskaini zituen Aitor Elizegi presidentearen, Andoni Ayarza kirol zuzendaritzako ondokoaren, Andoni Bombin metodologia arduradunaren eta Oier Zarraga lehen taldeko futbolariaren hitzaldiekin.
Erreferentzia gisa, Athletic Clubek kongresuan parte hartu duten klubetako lau arduradun elkarrizketatu ditu. Hona hemen gure erakundeari buruz egin dituen gogoetetako batzuk:
Jean-Francois Vulliez (Olympique Lyon):
“Athletic Clubek munduko klub guztiak inspiratzen ditu, baita Frantzian ere. Uste dut antzeko balioak ditugula gure ikuspegiari, sustraiei eta nortasunari dagokienez, Lyon klub ospetsua baita jokalari gazteak prestatu eta entrenatzeagatik. Klub berezia zarete, nortasun sendoa duzuelako. Jokalariak lehen taldera eramateko duzuen gaitasuna ikaragarria da”
Jens Rasiejewski (TSG 1899 Hoffenheim):
“Nire desioen zerrendan zegoen egunen batean Athletic ezagutzeko aukera izatea, talde bakarra baita futbolaren munduan: nola planteatzen diren gauzak, nola pentsatzen den kluba bere buruari jarri dizkion mugetan, nola egiten den lan horrekin eta nola garatzen diren jokalari gazteak. Athleticen parte izatearen sentimenduarekin geratzen naiz, eta San Mamesekin, bere garbitasunagatik, ezagutu dudan estadiorik onenetakoa da”.
Vassilis Nanos (Olympiakos):
“Gauza asko ditugu amankomunean. Ernesto Valverdek, bere nortasun handiarekin, asko lagundu zigun gure pentsamolde eta kultura irabazlea aldatzen. Hau oso garrantzitsua izan da guretzat. Gainera, Bilbo gurea bezalako hiria. Komunitatea oso lotuta dago bere klubarekin. Kide izatearen sentimendua oso garrantzitsua da neska-mutilentzat eta harrobiarentzat, motibazioa ematen baitu aurrera egiteko, entrenatzen jarraitzeko eta helburuak lortzeko. San Mameseko giroa sinestezina iruditu zitzaidan, familiak ikustea, haurrak ospakizunetan taldearekin batera…”.
Pedro Mil-Homens (SL Benfica):
“Athleticeko jokalaria izateak futbolean jokatzea edo kontratu bat izatea baino zerbait gehiago esan nahi du. Futbola bizitzeko modu bat da, Benfican edo beste klub batzuetan dugunaren guztiz desberdina, benetako sentimendua da. Athleticek zerbait esan nahi du Portugalen, jendeak onartzen du ikuspegi desberdina duzuela, futbol-jokalaria izatearen ikuspegi kulturalagoa lantzen duzue. Zorionak horregatik”.