undefined

Filialen arteko neurketa garrantzitsua Reto Iberdrolan

Filialen arteko neurketa garrantzitsua Reto Iberdrolan

Emakumezkoen filialak Atletico Madrid B hartuko du bihar Lezaman, mailari eusteko lehia garrantzitsu batean

Joan den asteazkenean AEM Lleidaren aurkako partida irabazi ondoren, lehoi gazteek neurketa garrantzitsua jokatuko dute berriz etxean. Rober Pampinek zuzendutako jokalariak Reto Iberdrolan mantentzeko playoff postuak sendotzen saiatuko dira eta bihar Atletico Madriden filiala izango dute arerio. Norgehiagoka Lezamako 7. zelaian jokatuko da 11:00etatik aurrera eta sarrera doakoa izango da. Madrildarrak, zuri-gorriak baino puntu bat gehiagorekin, helburu berarekin garaipena bilatuko dute.

Aurreikusten zen bezala, denboraldi gogorra izaten ari da. Datorren denboraldian maila berri bat sortuko denez, filialaren helburua Reton salbazioa lortzea da eta gutxienez 6. sailkatutik 11.era sailkatu behar da playoffa jokatzeko. Oraintxe bertan, hamaikagarren doa eta beste posturen bat igotzeko aukera dauka. Hala ere, denboraldi amaieran 12. eta 14. postuen artean amaitzea saihestu behar dute, horiek izango baitira maila berrira (3. mailara) zuzenean jaitsiko direnak. Kontuan hartu gabe sailkapeneko azken bi taldeak (15. eta 16. sailkatuak) bi maila jeitsiko lituzketela, Lehen maila Nazionalera hain zuzen ere.

Harrobiko jokalarien ekarpenaren garrantzia

Testuinguru honetan, emakumezkoen bigarren taldea oso gaztea da eta hainbat jokalari hasiberri ditu. Aste honetan sei puntu lotuz gero, jaitsiera postuekiko tartea handituko luke. 20 jardunaldi jokatu ondoren, beste hamar geratzen dira helburua lortu dadin. Lehen bi neurketak gogorrak izango dira, baina garaipena lortuz gero, harrobiko taldea asko hauspotuko lukete. Lehen neurketa, DUX Logroñoren aurka jokatuko dute, etxetik kanpo. Bigarrena, Deportivo izango da aurkari Lezaman; biak ala biak, iaz Lehen Mailatik jaitsi ziren eta goialdean kokatuta dauden taldeak dira.

Aurten ere, harrobiko jokalarien ekarpena nabarmena izaten ari da. Mariana Cerro urte osoan aritu da dinamikan Iraia Iturregirekin eta minutu batzuk ere izan ditu. Clara Pinedoren ekarpena (bi aldiz hasierako hamaikakoan) eta Sara Ortegaren debuta (17 urte) ere nabarmendu behar dira. Landaluze, Elexpuru, Zubieta eta Urzainqui euren txandaren zain daude jauzia egin eta eskubide osoko lehoi bihurtzeko. Klubeko emakumezkoen harrobia behin betiko aireratu den emakumezkoen futbolera egokitzen ari da.