undefined

“Ez da behin betikoa izango, baina urrats garrantzitsua da”

“Ez da behin betikoa izango, baina urrats garrantzitsua da”

Marcelino jakitun da biharko Vila-realen aurkako neurketak hartzen duen dimentsioaz: “Irabazteak ez digu ezer ziurtatzen, galtzeak ere ez, baina funtsezkoa da gure maila onari jarraipena emateko”

Marcelino García Toralek komunikabideen aurrean hitz egin du bihar (18:30ean) Athletic Clubek eta Villarreal CFk Zeramikaren Estadioan jokatuko duten partidaren atarian. “Oso partida garrantzitsua eta zaila da, baina inola ere ez behin betikoa. Irabazteak ez dizu Europa ziurtatzen, eta galtzeak ere ez du esan nahi lehiaketan ez zarela egongo edozein dela ere. Pauso nabarmena izango litzateke, eta, batez ere, funtsezkoa da gure maila onari jarraipena emateko”, azaldu du entrenatzaile zuri-gorriak.

Vila-real Ligako zazpigarren sailkatua da gaur egun, Athletic baino puntu bat gehiagorekin. ‘Urpekari horia’ Txapeldunen Ligako final-laurdenetan murgilduta dago, Bayern Munichen aurka. Joan den asteazkenean 1 eta 0 irabazi zuen etxean, eta asteartean Allianz Arenan defendatu beharko du abantaila: “Baliteke burua lehiaketa baten eta bestearen artean banatuta izatea, Txapeldunen Ligak asko erakartzen du, baina asko eta onak dituzte. Biharkoa oso partida garrantzitsua da eurentzat, Europako helburura hurbiltzea edo bertatik urruntzea ere jokoan baitago. Ziur konponbideak aurkituko dituztela”, aztertu du Marcelinok.

Zenbait jokalarien egoeraz galdetuta, Iñigo Martinez ez dela erabilgarri egongo baieztatu du entrenatzaileak, “maila gorenean egotea galarazten dion enbarazu batek jarraitzen baitu, baina ez dirudi larria denik”. Dani Garciari dagokionez, Marcelinok esan du deialdian sartuko dela, baina “goizegi” dela partidan denbora luzez aritzeko. Ohanekin bezala: “Egun hobeak eta txarragoak ditu, eta talde medikoarekin batera lan egiten dugu maila gorenean egon daitekeen denbora zehaztasunez neurtzeko, eta, aldi berean, minean okerrera egingo ez duela ziurtatzeko”.