
“Hemen egon nahi dut beste urtebetez”
“Hemen egon nahi dut beste urtebetez”
Oscar de Marcosek Athleticekin duen konpromisoa beste denboraldi batez luzatzeko asmoa jakinarazi du
“Erabakia hartuta daukat, asko aztertu dut, eta asmoa da beste urtebetez hemen jarraituko dudala”. Oscar de Marcosek bere etorkizunari buruzko albistea Celtaren aurkako partidaren aurreko prentsaurrekoan jakinarazi du: “Garrantzitsua zen niretzat, batzuetan gauza asko aztertu behar dituzu. Arlo guztietan eman dizkiot behar zituen bueltak, eta erabaki zuzena da beste urtebetez Athleticen jarraitzea”.
Jokalari zurigorriak taldearen kirol gaurkotasuna aztertu du, zazpigarren postua lortzeko lehian murgilduta dagoen Athleticen egoera, Europako txapelketarako txartela eman dezakeen sailkapeneko lekua, alegia: “Gure esku egongo da. Europan egoteko behar diren puntuak lortu behar ditugu. Hori da gakoa. Taldeak sinesten du eta finalak geratzen zaizkigu helburua lortzeko. Amaieraraino jarraituko dugu, aukerarik geratzen den heinean. Taldea ziur dago lortu nahi duela. Erregularrak izan behar dugu. Oso garrantzitsua izango da datozen partidetan ahalik eta puntu gehien lortzea, eta horretan saiatuko gara”.
Lehoiek matematikak kontrakoa esan arte borrokatuko dute: “Oso partida garrantzitsua dugu orain San Mamesen, eta Vilarrealen aurka lortutako puntua ona izateko Celtari irabazi behar diogu etxean. Asko hazi gara maila orokorrean”.