
AC Museoak “37ko haurrak Erresuma Batuan” inauguratu du
AC Museoak “37ko haurrak Erresuma Batuan” inauguratu du
Britainiar uharteetan erbesteratuta, maila profesionalean futbolarekiko grina garatu zuten gerrako euskal haurren istorio apartei buruzko aldi baterako erakusketa berria aurkeztu dute gaur
Gaurtik aurrera, AC Museoaren erabilera anitzeko aretoan bisita daiteke “37ko haurrak Erresuma Batuan”, Athletic Cluben aldi baterako erakusketa berria. Gerra Zibilean Erresuma Batura ebakuatu zituzten milaka euskal haurren istorioa du ardatz, kasu batzuetan futbolaren elitean lehiatzera iritsi zirenak eta erakunde zuri-gorrian debuta egitea ere lortu zutenak.
Erakusketaren inaugurazioa San Mamesen egin da gaur, Gernikako bonbardaketaren 85. urteurrenaren biharamunean hain zuzen ere. Bonbardaketa horren eta gerraren suntsiketa orokorraren ondorioz, Euskal Herriko txikienak Erresuma Batura ebakuatu zituzten Habana baporean, gerra betean.
Ekitaldian izan dira, besteak beste, Aitor Elizegi eta Asier Arrate, Athletic Clubeko presidentea eta AC Museoko zuzendaria; EAEko lehendakariordea den Idoia Mendia; Giza Eskubideetako, Memoriako eta Lankidetzako sailburuordea den Josean Rodriguez; Bizkaiko Aldundiko Kiroletako zuzendari eta Kulturako zuzendari nagusi dien Carlos Sergio eta Begoña de Ibarra; Bilboko Udaleko segurtasun zinegotzia den Amaia Arregi, BCA ’37 UK (Basque Children in the UK) elkarteko presidentea den Carmen Kilner, eta Manu Lezama, Raimundo Lezamaren semea, 40ko hamarkadako atezain zuri-gorri mitikoa, erakusketako protagonistetako bat. Atezaina Ingalaterrarako itsas bidaian bidaiatu zuen gerrako umeetako bat izan zen, eta Southampton FC taldean izena hartu ondoren, Bilbora itzuli zen Athletic Clubeko legenda bihurtzeko.
Mikel Martinez Athleticen lehendakariordea eta Itziar Villamandos, Tomás Ondarra eta Goyo Arbizu batzordekideak ere izan dira aurkezpenean.
Garai hartako argazki, dokumentu eta lekukotasunen bidez, Raimundo Lezamaren istorioa Emilio Aldekoaren, Sabino Barinagaren edota Jose Luis Bilbao Gallasteguiren istorioekin batera aurkezten ditu erakusketak, 1937an erbesteratutako adingabe horiek futbola profesional utzi zuten arrastoa nabarmenduz.
Erakusketarako bisita AC Museoaren eta San Mameseko Tourraren sarrera orokorrarekin batera doa.