“Independientek dena eman zidan”
Ricardo Bochini “oso pozik, harro eta eskertuta” dago One Club Man saria jasotzeagatik, bere kirol ibilbide osoa Argentinako taldean egin ondoren
Ricardo Bochinik komunikabideen galderei erantzun die San Mamesen, bihar Athletic Club eta Valencia CF-ren arteko partidaren atarian One Club Man saria jaso aurretik: “Oso pozik eta harro nago Athletic bezalako klub handi batengandik, mundu osoan zehar ezaguna dena, sari hau jasotzeagatik. Niretzat, urte asko dira futboletik erretiratu nintzela, errekonozimendu hau izatea oso garrantzitsua da, eta Independienteko jende guztiarekin partekatuko dut. Haiei esker egon naiteke hemen gaur, dena eman zidan kluba izan zelako. 20 urte Lehen Mailan jokatzen, gehiago beheko mailetan, eta beti jendearen maitasuna jasotzen, gaur Bilbon bezala. Ez dago dirurik hori ordaintzeko Oso sari polita da, klub bakar batean jokatzen dugunok jasotzen dugulako. Sari hau munduan barrena oso ezagunak diren maila bikaineko jokalariek jaso dute. Kasu honetan Hego Amerikako lehena naiz. Argentinara eramango dut eta egon beharreko leku guztietan aurkeztuko dut. Lehen aldia da sari bat jasotzen dudala handik kanpo eta horregatik gozatzen ari naiz. Asko eskertzen diet presidenteari eta klub osoari nitaz gogoratzeagatik. Oso sari garrantzitsua da, Independienten egin nuen guztia jendeak gozatu egin zuen eta ez du ahazten, denbora asko igaro bada ere“.
Futbolari ohi eta entrenatzaile ohi argentinarrak kirol ibilbide osoan ezkutu bakar bati leial eusteak duen balioa ere azpimarratu du: “Hau ezohikoa da, elastiko bakarra jantzi duten jokalariak gutxi direlako, eta horregatik Athleticek goraipatzen duela uste dut, bere jokalari guztiak etxekoak direla baitakit. Ni Independienten egon nintzen beti, dena eman zidan klubean egon nahi nuelako. Gero eta zailagoa izango da hau gertatzea, gaur egun futbola aldatu egin delako, oso komertziala delako, gure garaiaren oso bestelakoa. Guk kamisetagatik jokatzen genuen, zelaira hotzez, beroz, zein euria egiten zuenean gu animatzera joaten ziren jarraitzailearengatik. Irabazten genuenean ospatu eta galtzen genuenean sufritzen zueten. Gaur egun jokalari batek irabazten duena ezinezkoa da guk irabaz genezakeenarekin alderatzea. Ia ezinezkoa izango da jokalari batek 20 urtez talde berean jokatzea. Nire ustez, hemen Athleticen bakarrik izan daiteke. Beheko mailetatik irteten denak bere karrera osoa hemen joka dezake, beste klub batean oso zaila da hori“.