undefined

Omenaldiak igande honetan Lezaman

Omenaldiak igande honetan Lezaman

Sevilla FC taldearen aurkako partida, Klubaren Youtubeko kanal ofizialetik zuzenean jarraitu ahal izango dena, lehoien denboraldiaren amaiera izango da

Igande honetan, 12:00etatik aurrera, Lezamak oso goiz berezia biziko du. Athletic Clubek Sevilla FC hartuko du Primera Iberdrolako azken jardunaldian, hirugarren garaipena jarraian lortu eta denboraldia etxean ahalik eta hoberen amaitzeko asmoz. Gainera, partida zuzenean jarraitu ahal izango da gure Youtubeko kanal ofizialetik. Emozioz beteriko neurketa izango da Erika Vazquezen eta Vanesa Gimberten kirol ibilbideko azken partida izango baita. Klubak esker ona adierazi nahi dio partidua amaitutakoan, eta Sophie Istillartera ere luzatuko du keinu hori, zeinak duela gutxi berdegunetatik erretiratzea erabaki baitzuen. Partida amaitu ondoren, beraz, hiru futbolariei une hunkigarri honetan haiekin batera egotea eskatzen zaie bertaratzen diren guztiei.

Jokoan dauden azken hiru puntuak alde batera utzita, azken aukera ere izango da aurten lehoiez gozatzeko, eta, bereziki, Lehen Mailan bi hamarkada daramatzaten bi jokalariez gozatzeko. Vanesa Gimbertek eta Erika Vazquezek agur esango diete zaleei eta taldekideei berdegunetik, 9 eta 17 denboraldiz zuri-gorriz jantzi ondoren, hurrenez hurren. Bi jokalari historikok agur esango diote futbolari igande honetan Lezaman. Hurrengo egunetan, agur esateko prentsaurrekoa eskainiko dute bai Vanesak eta bai Erikak Lezaman.

Lezamako txarteldegian partida hasi baino ordu eta erdi lehenagotik egongo dira sarrerak salgai. Sarreren prezioa 10 eurokoa da 18 urtetik gorakoentzat, 15 eta 17 urtetik beherakoek 5 euro ordainduko dituzte eta 14 urtetik beherako haurrek ez dute sarrerarik ordaindu beharko. Lezamako norgehiagoka guztietan bezala, bazkideek eta Club Athletic bazkideek sarrera doakoa dute.