undefined

“Futbolari agur esaten diot, baina beti izango naiz lehoi bat gehiago”

“Futbolari agur esaten diot, baina beti izango naiz lehoi bat gehiago”

Erika Vazquezek agur esan die futbolari eta zaletu zurigorriei: “17 denboraldi, 423 partida eta 264 golen ondoren etxeko lanak eginda agurtzen naizela uste dut”

Erika Vazquezek bere azken prentsaurrekoa eskaini du Athletic Clubeko jokalari eta futbolari profesional gisa. Lezaman kazetariek, lankideek eta Klubeko beste kide batzuek betetako prentsa-aretoan, jokalariak agur esan dio familia zurigorriari: “Agurrak ez dira errazak, ezta atseginak ere, baina agur esateko behin betiko eguna iritsi da. Nire bizitzako klubari agur esatea, kamiseta hau sentitzen eta defendatzen 17 urte eman ondoren”.

Klubeko emakumezkoen sailean partida gehien jokatu dituen jokalariak amaiera eman dio horrela pertsona, futbolari eta profesional gisa hazi den etapa “zoragarriari”: “Iritsi bezain laster konturatu nintzen gure Athletic bakarra eta ezberdina dela, bai filosofian, bai transmititzen dituen balioetan, azken finean nireak bihurtu direnak. Hemen ulertu dut zer den pasioa, ilusioa, laguntasuna eta alaitasuna futbol-zelai baten barruan, eta, aldi berean, klub txapeldun bateko kide izateko eskakizuna sentitzen nuen”.

Erika oso zorioneko sentitzen da urte guzti hauetan Klubean jasotako tratuarekin: “Joan garen zelai guztietan beti egon diren zaletuak eta, batez ere, taldekide handiekin aldagela partekatzeko zortea izan dudanez, beti sentitu izan dut nire lekua hemen zegoela; izan ere, batzuetan, diruak ez du dena ordaintzen, galduz gero ere irabazi egiten da, eta saririk onena balioetsia, maitatua eta errespetatua sentitzea da”.

Zuri-gorriak pozik utzi du futbola: “Saiatu naizen guztiagatik, beti nire % 100a momentu guztietan eman dudalako, eta 17 denboraldi, 423 partida eta 264 golen ondoren etxeko lanak eginda agurtzen naizela uste dudalako; zenbaki horiek, gaurko eguna  bezala, harro egoteko modukoak dira”.

Azkenik, Erika zaletu zurigorriei zuzendu zaie: “Athleticzale guztiak, duela 17 urte beste jokalari bat bezala hartu ninduzuen eta etxean bezala sentiarazi ninduzuen. Eskerrik asko sinetsarazteagatik, eta une garrantzitsuenetan beti gurekin egoteagatik. Egunero aktibo eta ilusioz beterik eduki nauen motorra izan zarete. Eskerrik asko zuen denbora eta dedikazioagatik”.