
Filialak mailari eustea izango du jokoan Madrid CFF B taldearen aurka
Filialak mailari eustea izango du jokoan Madrid CFF B taldearen aurka
Rober Pampinek zuzentzen duen taldeak partida bakarreko kanporaketa jokatuko du Antiguo Canodromo zelaian 20:00etatik aurrera
Astearte honetan, 20:00etatik aurrera, emakumezkoen filialak denboraldiko partidarik garrantzitsuena jokatuko du Madrilen. Datorren denboraldian emakumezken futbolak izango duen berregituraketa dela eta, nahiz eta Rober Pampinen taldea hamargarren sailkatu den 16 taldeko Reto Iberdrolan, ‘playout’ delakoa jokatu behar dute Madrid CFF Bren aurka mailari eusteko.
Lezamatik kanpo irabazi beharko dute futboleko bigarren maila gorenean jarraitu nahi badute (datorren urtean emakumezkoen 1. RFEF txapelketa izango da). Gainera, garaipen batek, Emakumezkoen C taldearen igoerari bide emango lioke, eta horrela, emakumezkoen hiru taldeak hurrengo denboraldian RFEFko mailarik gorenean egon ahalko lirateke (Primera Iberdrola, 1. RFEF eta emakumezkoen 2. RFEF).
Garaitu beharreko aurkaria Madrid CFF taldearen filiala izango da. Madrildarrek azken bost partidetatik lau irabazi dituzte; azken jardunaldian etxean irabazi dute eta bertan, Carabanchelgo Antiguo Canodromo zelaian, gure harrobiko neskak hartuko dituzte. Talde hau, zuri-gorria bezala, oso gaztea da eta Espainiako 17 urtez azpiko selekzioko Sandra Villafañe, Vicky Lopez edo Lucia Pardo jokalariak ditu, azken hau taldeko Pitxitxia eta Reto Sur multzoko bigarren goleatzaile nagusia da 16 gol sartuta.
Filial zuri-gorriak baditu ere bere armak. Primera Iberdrolan jada jokatu duten Clara Pinedo eta Mariana Cerro jokalariek, Sara Ortega, Marina Artero edo Jone Amezaga nazioartean ibilitako gazteen talentuarekin bat egiten dute. Pampinek ezin izango du Maite Zubieta zelairatu, oraindik giharretako lesioarekin jarraitzen baitu. Filialen arteko norgehiagokak partida irekia da eta sari mamitsua du jokoan. Partidari buruzko informazio guztia zuzenean jarraitu ahal izango da 20:00etatik aurrera, Twitterren bidez (@athleticclubfem).