
Athletic, bere hiru taldeak maila gorenetan dituen Klub bakarra
Athletic, bere hiru taldeak maila gorenetan dituen Klub bakarra
Atzo filialak lortutako garaipenak C taldearen igoera ahalbidetu du eta horrela zuri-gorriek hiru txapelketa nagusietan parte hartuko dute 22/23 denboraldian
Bart emandako karanbola konplexua zen, baina ez ezinezkoa eta bai oso desiratua. Aurten Reto Iberdrolan etxetik kanpo ia punturik batu ezin izan duen filial zuri-gorriak luzapenean (1-2) Madrid CFF B kanporatzea lortu zuen Carabanchelen eta Emakumezkoen Bigarren Mailan jarraitzea lortu zuen. Ainhize Aranak duela hilabete baino gutxiago bete zituen 17 urte, eta gol erabakigarria sartu zuen partida penaltien zorirantz zihoala. Rober Pampinen nesken garaipenaren ondorioz, gainera, hirugarren taldea Segunda RFEF mailara igotzea ziurtatu du.
Berregituraketa dela eta, 2022/2023 denboraldiari begira bi kategoria berri egongo dira Estatuko futfemean. Athletic Clubeko filiala 16 taldez osatutako talde bakarrean lehiatuko da, Primera RFEF izenekoan, alegia. Primera Iberdrolatik jaitsitako bi taldeek osatuko dute: Rayo Vallecanok eta SD Eibarrek, eta elitean iragana duten RCDE Espanyol, Deportivo Abanca, Dux Logroño, Real Oviedo, Granada CF eta Fundacion Albacete klubekin ere bat egingo dute. Maila hau osatuko dute SE AEM Lleida, CP Cacereño, UDG Tenerife B, CA Osasuna, Ginelux CD Juan Grande, FC Barcelona B eta Cordoba CF taldeek. Guztira 16 aurkari oso indartsu lehoiak hornitzen jarraitzen duen talde gazte batentzat. Clara Pinedok, Estefak, Landaluzek, Mariana Cerrok, Sara Ortegak… Iraia Iturregirekin egin zuten debuta.
Bestalde, Emakumezkoen C taldea Segunda RFEF-era (baita ere berria) igo da, Lehen Nazional mailatik jauzia eginez. Hirugarren sailkaturik onena izan delako lortu du, eta II. multzotik igo da, Bizkerre eta Osasuna B-rekin batera. Liga berri hori 32 taldek osatuko dute (16 taldeko bi multzotan banatuta); orain arte Reto Iberdrolan gertatzen zen bezala.
Athletic Clubeko hirugarren taldea 2019/2020 denboraldian sortu zen eta, ordutik, urtero mailaz igotzea lortu du. Lurralde Ligatik Euskal Ligara igaro da, Euskal Ligatik Lehen Nazionalera, eta aurten, Ekaitz Garciaren eskutik eta B taldearen arrakastari esker, Lehen Nazionaletik Segunda RFEF-era (Hirugarren Maila) igo da.
Ondorioz, Athletic Club izango da 2022/2023 denboraldian hiru maila gorenetan parte hartuko duen Klub bakarra. Pasa den urtean gauza bera gertatu zen, baina hurrengoan bi txapelketa berri eta lehiakorragoak egongo direla azpimarratu behar da. Guztira bost talde dira (Kadete eta Haur mailakoak barne), harrobiak bide ona jarraitzen duela erakusten dutenak. Etorkizunean lehoiak izango direnen gazteria eta talentua nabaria da.