undefined

Elkarrekin euskararen alde Lezaman

Elkarrekin euskararen alde Lezaman

Gure hizkuntza futbolaren egunerokotasunean sustatzea helburu duen txapelketa izango da larunbat honetan Athletic Clubeko instalazioetan

Larunbat honetan, ekainak 11, ‘Euskara Jalgi Hadi Plazara’ txapelketaren I. edizioa antolatuko da Lezaman, amateur mailako futbolaren egunerokotasunean euskaraz aritu eta joka daitekeela agerian uzteko.

Bere proiektuaren bitartez, Hamabi FK (Bizkaia), Union Tutera (Nafarroa), Arranoak FC (Behe Nafarroa) eta Aretxabaleta KE (Gipuzkoa), lehiaketa honen estreinaldiko protagonistak izango direnak, euskara sustatzeko egiten ari diren lana erakutsi nahi diete Euskal Herriko gainerako taldeei.

Lehiaketaren helburua etorkizunean parte hartzaile gehiago batzea da, baina, batez ere, futbolaren eguneroko jarduerak gure hizkuntzan egin daitezen bultzatzea. Txapelketako partidak euskal epaileek zuzenduko dituzte eta sari berezi bat emango zaio euskara gehien erabiltzen duen taldeari. Jardunaldia goizeko 11:00etan hasiko da, bertsolariek futbolariei egingo dieten harrerarekin, eta jarraian, talde bakoitzak hiru partida jokatuko ditu denen aurkako ligaxkan.