undefined

Josean Lekue: “Jokalari guztiak egoera onean daude”

Josean Lekue: “Jokalari guztiak egoera onean daude”

Athletic Clubeko zerbitzu medikoen buruak lehen taldeko futbolarien osasun egoeraren berri eman du

Josean Lekuek, Athletic Clubeko zerbitzu medikoen buruak, komunikabideen galderei erantzun die denboraldi-aurrearen hasieran egin ohi den prentsaurrekoan. Oporraldiaren, IMQko proba medikoen eta Lezamako lehen lan-astearen ostean, Lekuek dio jokalari guztiak gai direla eta egoera onean daudela entrenatzeko.

Oihan Sancet eta Dani Garciari buruz galdetu diotenean (pubalgiak jota zeuden aurreko denboraldiaren amaieran), Athleticeko mediku buruak zera adierazi du: “Sancet oso ondo dago. Oporretan lan handia egin du bere patologiarekin lotuta, eta normaltasun osoz entrenatu dezake. Baikorrak gara berarekin. Daniri dagokionez, martxoan egon zen bajan, baina denboraldi amaieran normaltasunez itzuli zen taldera. Uda partean ere lan espezifikoa izan du”. 

Qatarreko Munduko Txapelketak azaroan eta abenduan eragingo duen geldialdia ere hizketagai izan da: “Berria da guretzat, baina ez futbolaren munduan. Europa iparraldean eta erdialdean ohikoa izaten da neguan. Inguruabar horren harira sortu den ebidentzia zientifikoak agerian uzten du denboraldiaren garai horretan positiboki baloratzen dela etena  ikuspuntu mediko batetik. Birprogramazio bat egiteko eta ikastaroaren fase zentral batean deskargatzeko aukera ematen du. Lesioen intzidentzia eta inpaktua hobetu dezake etenaldiak”. 

“Jakina, geldialdiak ez du eraginik izango Munduko Txapelketan parte hartzen duten jokalariengan. Hauek karga erantsia izango dute denboraldi erdialdean eta arreta berezia jarri beharko dugu haiengan”, erantsi du Lekuek.