undefined

Marianak, Pinedok eta Landaluzek lehen taldeko fitxa izango dute

Marianak, Pinedok eta Landaluzek lehen taldeko fitxa izango dute

Hiru futbolariek behin betiko igoera egingo dute bigarren taldetik eta Iraia Iturregiren aginduetara egongo dira denboraldi honetatik aurrera

Mariana Cerro, Clara Pinedo eta Naia Landaluze igo dira lehen taldera. Hiru jokalariek Primera Iberdrolan debuta egin dute jada eta ‘A’ fitxa izango dute, beraz, Iraia Iturregiren aginduetara egongo dira 2022-2023 denboraldian.

Mariana Cerro (2000-05-22) Lehen Mailan esperientzia gehien duen jokalaria da. Zizur Nagusikoak 2021eko apirilaren 4an egin zuen debuta Iturregiren eskutik. Aurreko denboraldian dinamika osoan aritu zen lehen taldearekin, laugarren denboraldiaurrea lehen taldearekin egin ondoren. Debutatu zuenetik, 17 partida jokatu ditu maila gorenean, eta iaz ere lagundu zion bigarren taldeari, 15 norgehiagokatan lau gol sartuta, guztietan hasierako hamaikakoan. Bigarren taldeko kapitainak behin betiko lekua izango du lehoiekin.

Clara Pinedok ere (2003-09-09) debuta egin zuen Iturregirekin 2021-06-6an Levante UD taldearen aurka Buñolen. Erdilari bilbotarrak aukera gehiago izan zituen iragan denboraldian eta Primera Iberdrola eta Erreginaren Kopako zortzi partidatan parte hartu zuen, horietako seitan titular gisa. Gainera, futbolari gazteak bi gol sartzea lortu zuen (bata Kopan Racingen aurka eta bestea ligan Villarrealen aurka). Espainiako selekzioarekin 19 urtez azpiko Europako txapeldun izendatu berri da, eta abuztuan 20 urtez azpiko Munduko Txapelketan parte hartuko du (Zubieta eta Elexpururekin batera), Costa Rican.

Naia Landaluzek ere (2000-09-25) Lehen Mailarako jauzia egin zuen. Bere kasuan, 2021-06-26an egin zuen debuta FC Barcelonaren aurkako partidan, Lezaman, Iturregiren eskutik. 2021-2022 denboraldian ez zuen minuturik jokatu lehen taldearekin, baina funtsezkoa izan zen Reto Iberdrolako bigarren taldean, mailari eustea lortu baitzuen. Ia dena jokatu zuen; 27 partidutan hirutan bakarrik izan zen ordezko. Orozkokoa oso jokalari azkarra da eta oso ondo doa aireko jokoan. Horren erakusgarri dira iragan denboraldian bigarren taldean lortutako lau golak.

Denboraldiaurrea lehen taldearekin

Asteazken honetan, uztailak 20, hasiko dira lehen taldeko jokalarien proba mediko eta fisikoak eta ostiralean, hilak 22, Iturregik bere lehen entrenamendua zuzenduko du Lezaman goizean.

Aurten ere, harrobiko jokalari batzuek denboraldiaurrea lehoiekin osatuko dute. Hauek dira bigarren taldetik igoko direnak: Ane Elexpuru, Maite Zubieta, Amaia Martínez, Paula Esteban, Alejandra Estefanía, Sara Ortega eta Jone Amezaga.

Pinedo, Elexpuru eta Zubieta 20 urtez azpiko Espainiako selekzioarekin bilduko dira datorren uztailaren 20an Costa Rican abuztuaren 10ean hasiko den Munduko Txapelketa prestatzeko. Beraz, geroago hasiko dira lanean taldearekin.