
“LaLiga hasierara ondo iristeko lan egiten ari gara”
“LaLiga hasierara ondo iristeko lan egiten ari gara”
Berenguerrek, Harsewinkelen lehen saioa burutu ondoren, aitortu du taldea buru-belarri ari dela 1. jardunaldiko RCD Mallorcaren aurkako partidara begira
Athletic Club dagoeneko Harsewinkelen (Alemania) ari da lanean, denboraldiaurreko ‘stage’-a egiteko aukeratutako lekuan. Alemaniako lurretan burututako lehen lan saioaren ondoren, Alex Berenguer mintzatu da atzo estreinatu ondoren, Borussia Mönchengladbachen aurka Tradizioen Kopan: “Ondo ari gara lanean. Entrenatzaileak eskatzen dizkigun gauzetara egokitzen ari gara, ideiak oso argi baititu. Lehenengo asteetan egokitu eta tonu fisikoa hartu behar dugu. Taldeak daraman inertzia ona da”.
Lehoiak gogor entrenatzen ari dira hilabete baino gutxiagoan (abuztuak 15) jokatuko den ligako lehen konpromisoari begira, RCD Mallorcaren aurka San Mamesen: “LaLigako lehen partidara ahalik eta baldintza onenetan iritsi behar gara. Hori da egiten ari garena eta gogor ari gara horretarako lanean. Lehendabizi, ondo ekin behar diogu txapelketari eta ikusiko dugu nola doazen hurrengo norgehiagokak”.
Schauinsland-Reisen-Arenan jokatutako neurketan ezker hegalean hartu zuen parte, aurreko denboraldian ez bezala, eskuineko aldean ia osorik jokatu baitzuen: “Ezkerretik erosoago nago, baina ez dut arazorik eskuinetik jokatzeko. Arlo pertsonalean, uste dut ez dudala helbururik ezarri behar, hori izan baitzen iaz izan nuen akatsa, urtarrilera arte blokeatuta egotea eragin zidana. Nik dakidan bezala jokatu behar dut: lasai, gauzak ondo egin eta lan egin”.