“Mantentzen saiatu behar dugun gauza on asko daude”

“Mantentzen saiatu behar dugun gauza on asko daude”

Ernesto Valverdek taldeak LaLigako estreinaldian jarrera bikaina izan duela azpimarratu du

Ernesto Valverde Athletic Clubeko entrenatzailea komunikabideen aurrean agertu da 2022/23 LaLigako lehen jardunaldian RCD Mallorcaren aurka hutsean berdindu ostean. Garaipena lortzeko izan dituzten aukera ugariak aprobetxatu ez dituen arren, entrenatzaile zuri-gorriak, bere hirugarren etapa aulkiaren buruan hasi duenak, partidaren alde onak azpimarratu nahi izan ditu: "Lehen minututik saiatu gara, gogotsu zelairatu gara eta uste dut markagailua desorekatuko zuen golen bat egin genezakeela izan ditugun aukerengatik. Haiek planteatzen zuten jokoan zailtasun handia zegoen, defentsa oso sendoa daukatelako, oso elkarrekin egoten dira eta kontraerasoan ateratzen dira. Behin eta berriz saiatu behar dugu, badakigulako askotan zaila egiten zaigula abaguneak gol bihurtzea; horregatik, gehiago eta argiagoak sortu behar ditugu, eta horretan lan egingo dugu hobetzen joateko. Oro har, markagailua ez da onena izan, baina mantentzen saiatu behar dugun gauza gauza on asko daude. Taldeak jarrera ona izan du. Partidaren pisua eraman nahi izan du eta indartsu egon da. Egia da ez dugula asmatu, eta agian pazientzia falta izan zaigu une jakin batzuetan, baina zuzenduko dugun zerbait izango da".

Animazio Herri Harmaila berriari buruz galdetuta, Valverdek ilusio handia agertu du Katedralari eskaintzen dionarekin: "Asko gustatu zait eta asko eman diezaguke. Nabaritzen da zelai batera zoazenean, non etengabeko zalaparta eta animazioa dagoen, etengabe bultzatzen zaituen jendearekin. San Mamesek topera jartzen zaitu eta arerioak hori nabaritzen du. Gainera, neurketei begira jai-giro hori sortzea klubaren aurrerapausoa da. Estadiora ere parte hartzera etorri behar da eta jokoan eragina izatera".