"Bide honetatik jarraitu behar dugu"

"Bide honetatik jarraitu behar dugu"

LaLigako estreinaldian garaipena lortu ez arren, Villalibrek "sentsazioak oso onak" izan zirela aitortu du

Asier Villalibre hedabideen aurrean agertu da San Mamesen berriro jokatu baino hiru egun lehenago, oraingoan Valencia CF taldearen aurka LaLigako bigarren jardunaldian, eta RCD Mallorcaren aurka hasieratik zelairatu ondoren. Aurrelari zuri-gorria pozik dago udan maila pertsonalean izan duen errendimenduarekin: "Azkenean askotan esan dut pasa den urtea txarra izan zela. Lesioak jokalari bati gertatu ahal zaion gauza gogorrenak dira. Hori iragana da eta orain denboraldiaurre ona egin dut, golak sartzen, eta ligako lehen partidan hasierako hamaikakoan irtetzeak ere animikoki asko laguntzen du. Pozik nago eta hobetzen jarraitzen nahi dut". Gainera, Herri Harmaila berriarekin asko gozatu zuen: "Eskertzekoa da. Pertsonalki asko nabaritu nuen aldaketa, zelaira sartu eta Herri Harmailan denok zutik zeudela ikusiz. San Mames ezberdin ikusten da".

Partidari dagokionez, Gernikarrak Balearretako taldeak euren jokoa erosotasunez garatzea eragotzi ziela azpimarratu du, nahiz eta bere ustez ondo jokatu zuten: "San Mamesen beti nahi dugu hiru puntuak batzea eta zapore txarragoa geratzen da partida ona egiten duzunean, aukerak sortuz, eta ez duzunean lortzen. Neurketa oso ona egin genuela uste dut, baina ez zen erraza izan Mallorca oso atzean sartu zelako. Gure lana egin genuen, gola falta izan zitzaigun, baina sentsazio onekin geratzen gara eta hori ere garrantzitsua da. Bide honetik jarraitu behar dugu.

Azkenik, hurrengo aurkariari buruz galdetuta, Villalibrek bere sasoi ona eta indarra azpimarratu zituen: "Neurketa oso gogorra izango da ere, Valencia CF taldea fisikoki oso indartsua delako. Gure lana egin behar dugu eta gogotsu gaude".