
Sinbolismo handiko errekonozimendua 500 partida historikorentzat
Sinbolismo handiko errekonozimendua 500 partida historikorentzat
Markel Susaetak hiru pieza enblematikoz osatutako irudia emango dio Iker Muniaini: jatorrizko besokoa, antzinako San Mamesen harri bat eta haritzaren idulki bat
Zale zuri-gorriak mugarri historiko bat ospatzen den une berezi horietako baten lekuko izango dira datorren igandean, Valencia CFren aurkako partidaren atarikoetan,. Markel Susaetak, Athleticekin 500 partida jokatu dituen azkenaurrekoak, Iker Muniaini, kopuru gogoangarri hau lortu duen azkenari, sinboloz eta zentzuz egindako oparia emango dio. Garaikurrak, RCD Mallorcaren aurkako partidan kapitainak jantzi zuen jatorrizko besokoa itsatsita dauka, 500 partida bete zituenean. Oihal tratatu eta iraupen handia izateko erretxinez solidotuaren gainean, ikurriñaren koloreak, Athletic Cluben armarria eta norgehiagokaren data (2022ko abuztuaren 15a, halabeharrez, Begoñako Amatxuren eguna) nabarmentzen dira. Azpian, oso harri berezia, eraitsitako San Mames zaharretik aukeratua, Klubaren ehun urteko historiarekin lotura duena. Eta, azkenik, haritz-zurezko idulki bat, irmotasun eta sendotasunaren sinboloa, non efemeridearen datuak laserrez grabatuta dauden.
Ekitaldi laburra izango da zelaian bertan, baina nahiko genuke denborak aurrera egin ahala tradizio bilakatu izana: 500 partida betetzen dituen azken-aurreko futbolariak (Muniain izango litzateke, beraz, hurrengoa) garaikur sinboliko hori emango lioke lortzen duen hurrengo jokalariari. Mitoz osatutako kate horretan, futbolaren munduan nortasun bakarra irudikatzen duen lekukoa transmitituko litzateke.
Markel Susaetak (507) antzeko oparia jaso zuen Iribar (614), Rojo I.a (541) eta Etxeberriaren (514) eskutik. Iraola (510) ezin izan zen bertaratu arrazoi profesionalengatik. Katebegi mitikoak dira, eta orain Iker Muniain kapitainak, 29 urte besterik ez dituela, bat egingo du. Klubak diseinatutako obran Iñaki Arce artista deustuarrak parte hartu du. Idulkian, euskara hutsez idatzitako testu hau irakur daiteke: “Iker Muniain. 500 partida. Lezaman 12 urteekin. Maila guztietatik lehen taldeko kapitaina izan arte. 14 denboraldi. 71 gol. 61 partida Europan. Debuta data (2009/07/30) Athletic Club 0 – Young Boys 1”. Valencia CFren aurkako partidara behar besteko aurrerapenarekin joatea eskatzen da, Muniainen omenaldian parte hartu ahal izateko.