
"Gure anbizioa neurtzeko proba oso garrantzitsua izango da"
"Gure anbizioa neurtzeko proba oso garrantzitsua izango da"
Athletic Clubeko entrenatzailea pozik agertu da Ander Herreraren etorrerarekin eta etxetik kanpo jokatuko duten lehen partida "hiru puntuak zuzenean bilatuko dituen talde baten aurrean izango dutela" uste du
Ernesto Valverdek komunikabideak artatu ditu lehen taldeak Lezaman egin duen azken entrenamenduaren aurretik eta bihar goizean Cadizera abiatu aurretik. Athletic Club Cadiz CFren aurka Nueva Mirandilla zelaian (astelehena, 20:00etan) etxetik kanpo estreinatu baino egun bat lehenago, teknikari zuri-gorriak onartu du proba garrantzitsua izango dela: "Hiru puntuak lortzeko beharra duen taldea da. Egia da oraindik ez dutela bakar bat ere lortu, baina jokatutako bi partidatan une batzuetan ondo aritu dira. Aurreko denboraldiaren amaiera onaren dinamikatik datorren taldea da eta azken aldian jokalari garrantzitsuen arazo fisikoak dezente sufritu duena. Garaipenaren zaporea dastatzeko duten beharragatik, gure bila aterako den talde bat espero dugu. Oso proba garrantzitsua izango da gure anbizioa ikusteko, etxetik kanpo jokatuko dugun lehen partida baita".
Entrenatzaile zuri-gorriak argi hitz egin du Athletic Clubek etxetik kanpoko partidetan planteatu behar duen joko ideiagatik: "Guk jokatzeko modu bat daukagu, eta gure zelaian eta etxetik kanpoko partidetan inposatzea izango da beti asmoa. Etxeko hiru puntuek berdin balio dute kanpoan. Oro har, Athletic oso indartsua izan da beti San Mamesen, eta saiatu behar dugu indargune hori etxetik kanpoko partidetara eramaten. Gure anbizioa edozein lekutan hiru puntuak lortzea izan behar da beti".
Ander Herreraren fitxaketaz galdetu diotenean, honako hau esan du Valverdek: "Ezagutzen dugun jokalaria da. Uste dugu asko lagun diezagukeela eta esperientzia duela talde handiekin partidak jokatzen, eta badaki zer den irabazteko jokatu behar izatea. Berak ere ezagutzen du guk dugun exijentzia, eta oso pozik gaude bere mailako jokalari bat izateagatik. Zelai barruan zein kanpoan gauza positiboak eskainiko dizkigun jokalaria da. Jokatzeko moduagatik, oso ondo etor dakiguke. Taldea indartuta ateratzen da bere kontratazioarekin. Hala ere, lehia handia aurkituko du taldean".
Erlazionatutako partidak
Cádiz CF - Athletic Club

