Partida aurrekoa: Cadiz CF-Athletic Club (LaLiga 3.J)

Partida aurrekoa: Cadiz CF-Athletic Club (LaLiga 3.J)

Lehoiek, porrotik eta golik jaso gabe, talde horiaren aurka bolada ona luzatzea izango dute helburu

Athletic Clubek Cadiz CF taldeari egingo dio bisita eta LaLigako lehen bi jardunaldietan erakutsitako sentsazio positiboei jarraipena ematen saiatuko da. 20:00etatik aurrera, lehoiek oraindik punturik lortu ez duen arerio baten aurka jokatuko dute Nuevo Mirandilla estadioan.

Ernesto Valverdek aulkitik zuzentzen dituen futbolariek aukera ona dute aurrean txapelketako posizio gorenetan finkatzeko, eta horrekin batera hurrengo neurketei konfiantzaz eta moralez beteta ekiteko.

Deialdia

Ernesto Valverdek Cadizen aurkako partidarako zerrenda hau osatu du. Agirrezabala, Iñigo Martinez, Balenziaga eta Yuri baja dira. Ander Herrera, Athletic Clubeko azken fitxaketa, nahiz eta azkeneko lan saioa taldearekin batera osatu, ez da espediziora batuko. Lehoikumeei dagokienez, Iruk eta Paredesek aurreko deialdien antzera taldeko partaide izango dira. Bestalde, Peru Nolaskoain, aurreko jardunaldian Ernesto Valverderen zerrendan sartu zena, ez da deialdi berri honetan sartuko, denboraldi amaierara arte LaLiga Smartbankeko SD Eibar taldean utzita koatuko baitu denboraldi honetan zehar.

Valverde

Hemen Ernesto Valverderen adierazpenak osorik errepasatu, cadiztarren eta bilbotarren arteko norgehiagokaren aurretik.

Aurkaria

1910ean sortua, talde kadista hamabost denboraldiz egon da maila gorenean. Andaluziarrek 1977/78 denboraldian egin zuten debuta Lehen Mailan, baina ez ziren mantendu. Hainbat urtetan gora eta behera ibili ondoren, 1985 eta 1993 bitartean Cadiz CF taldea LaLigako onenen artean finkatu zen. Berriro jaitsi zen eta Bigarren Mailan 12 urte eman ondoren, 2003an Lehen Mailako postua berreskuratu zuen. 2006an maila galdu eta 2.B mailan denboraldi batzuk jokatu ondoren, talde horia berpiztu egin zen eta beste igoera bat bizi izan zuen, orain arte azkena izan dena. Duela bi denboraldi itzuli zen LaLigara Alvaro Cerveraren eskutik. Pasa den ikasturtean Sergio Gonzalez egungo entrenatzaileak ordezkatu zuen.
 

Estatistikak

1977/78 denboraldian LaLigan lehen aldiz jokatu zutenetik, Cadizek eta Athleticek 30 aldiz neurtu dituzte indarrak. Jokatutako partida horietan lehoiek balantze positiboa erdietsi dute orain arte: 16 garaipen, sei berdinketa eta zortzi porrot.

Nuevo Mirandillan, lehenago Ramon de Carranza deitzen zen estadioan, jokatutako norgehiagokei dagokienez, Athleticek ez du balantze onik: bost garaipen, lau berdinketa eta sei neurketa galdu ditu.

Bi taldeen arteko azken bost neurketei erreparatuz, zuri-gorriak hiru aldiz garaile atera direnez gero, Cadizen estadioan lortutako azken emaitzak positiboak dira. 

Cadiz CF-ren aurkako datu eta estatistika guztiak, hemen
 

Athleticzaleak munduan zehar
 

Zauden lekuan zaudela, ziurtatu Athleticen partida ez galtzeaz.