"Gauzak lortzen ari gara, baina hau oso luzea da"

"Gauzak lortzen ari gara, baina hau oso luzea da"

Ernesto Valverderen aburuz, taldearen liga hasiera ona da, baina aldagela lasai ikusten du eta badaki partida bakoitza "borroka bat" dela.

Ernesto Valverde Athletic Clubeko entrenatzaileak bere iritziak eman ditu bihar San Mamesen jokatuko den RCD Espanyolen aurkako partidaren atarian eta bere jokalariak ondo ikusten dituela liga hasiera honetan aitortu du, bederatzi puntuetatik zazpi lortu baitituzte eta golik jaso gabe: "Ondo gaude, min hartuta genituen jokalariak berreskuratzen ari gara eta astelehenean irabaztetik gatoz, baina hori dagoeneko iraganaren zati bat da. Bihar partida zaila daukagu, bolada honekin jarraitu nahi dugu eta taldea ondo entrenatzen ari da. Bi partida irabazi ditugu jarraian, eta normala da jendearen lusioa piztea garaipenak pilatzen direnean. Futbolaren arazoa neurketa baten ondoren beti beste bat etortzen dela da eta irabazteko betebeharra duzula. Pozik gaude batez ere azken egunean irabazi genuen moduagatik eta ematen ari garen sentsazioagatik, baina egunero proba bat da eta bihar ere gogorra izango da".

Emaitza-bolada on honetatik harago, futbolarien artean ere ez dago inolako euforiarik: "Aldagela ez dago euforiko. Konfiantzaz gaude, puntuak batu nahi genituelako eta ondo sailkatuta gaudelako. Pixkanaka gauzak lortzen ari gara, baina badakigu hau oso luzea dela. Partida bakoitza amaierara arte borrokatu behar duzun borroka bat da".

Aurkariari dagokionez, honakoa nabarmendu du teknikari zuri-gorriak: "Talde lehiakorra eta bizia da, eta aurrekoan ere Real Madrilen aurka anbizioa duela erakutsi zuen. Puntu bakarra du sailkapenean, baina hori ez da egin dutenaren ikuspegi oso argia. Norgehiagoka zaila espero dut dena borrokatzen duen arerio baten aurka. Entrenatzaile berriak esaten diena barneratzeko prozesuan daude, eta ondo ikusten ditut".

Azkenik, sartutako golei erreparatuz, Valverdek garrantzia ematen dio oreka lortzeari: "Aukerak sortzeko eta ondoren horiek gol bihurtzen saiatzeko nahikoa joko izatea da kontua. Ez badituzu abagunerik, ez dago ezer egiterik. Gainera, errematearen unean irmo jokatu behar da. Zenbat eta gehiago izan, orduan eta aukera gehiago duzu irabazteko. Taldeak jokoa eta aukerak sortzea ondo doakigu, golak lortzeko orduan zailtasunak izan ditzakegulako, baina epe luzera emaitza emango digu horrek. Ez dugu desoreka sortu nahi sortzen dugunaren eta gero aurkariak sortzen digunaren artean, eta, horregatik, ez gara abagune asko jasotzen ari. Erritmo handiko taldea gara, Athleticen ezaugarria da eta aurkariak hori nabari dezala saiatzen gara. Barne-kohesioarekin batera, badakigu horrek puntu asko emango dizkigula".