Julen Baz eta bere Garena jatetxea San Mames BATera batu dira
Kluba

Julen Baz eta bere Garena jatetxea San Mames BATera batu dira

Zornotzako sukaldari gaztea, Michelin Izarrarekin, gure zelaia Katedral Gastronomiko bihurtzen duten sukaldari bizkaitar ospetsuen taldean sartu da

2022ko ira. 21a

Irailaren 30etik aurrera, Garena jatetxeko Julen Bazek bat egingo du San Mameseko Katedral Gastronomikoarekin, Azurmendi (3*), Eneko, Nerua Guggenheim Bilbao, Boroa, Zarate, Zortziko, Etxanobe eta Andra Mari jatetxeetako sukaldari bizkaitarrekin batera.

Garena, Julen Bazen jatetxea, Dimako Iturrioz auzoan kokatua, Michelin gida ospetsuan izarra duen azken jatetxe bizkaitarra da. Athletic Clubeko sukaldarien talde apartara batuta, dagoeneko 11 Michelin izarrek osatzen dute San Mames BATeko zerbitzu gastronomikoa.

Gastronomic Cathedral

Partida egunetan, Michelin Izarra duten bederatzi jatetxek egiten dute San Mames BATera bertaratzen direnentzako menua, Bizkaiko sukaldaritzaren ordezkaritza onena buru dutela: Eneko Atxa, Josean Alija, Vitalie Nofit, Sergio Ortiz de Zarate, Daniel García, Fernando Canales, Jerónimo Pena eta orain Julen Baz.

Horiekin batera, Bilboko Ostalaritza Goi Eskola, etorkizuneko profesionalak trebatzen dituen beste eragile gastronomikoetako bat, Gastronomic Cathedral proiektuaren parte ere bada, partidu egunetan San Mameseko Eraztun Nagusian zerbitzua emanez.

Gainera, Bizkaiko Txakolina Jatorri Deiturako upeltegiek txakolinak dastatzeko aukera eskaintzen diete bertaratutakoei.

Beste eredu bat da, bakarra, orain arte kirol-estadioetan egin ez dena, eta honekin Athletic Clubek bere aletxoa jarri nahi du Bizkaiko gastronomiaren aintzatespenean, futbolarena bezalako mundu ezberdin baten bitartez. Aldi berean, San Mames nazioarteko erreferentziazko gastronomia-planteamendua duen kirol-esparru gisa kokatzen du proiektu honek.