"Jendea ilusionatzea ona da"

"Jendea ilusionatzea ona da"

Ernesto Valverdek bihar San Mamesera joateko deia egin die Athleticzaleei, LaLigako itzuleran UD Almeriaren aurka hiru puntu "garrantzitsu" lortzen saiatzeko

"Jendea ilusionatzea ona da eta pozik egotekoa, guk ikusleak pozik eta partida on bat ikusteko gogoz etor daitezen jokatzen dugu, baina, batez ere, aurkaria gainditzeko gogoz. Bihar puntuak eskuratu nahi ditugu". Ernesto Valverde  argi azaldu da Athletic Clubek UD Almeria Katedralean hartuko duen neurketaren atarian, Ligako 7. jardunaldan, txapelketaren itzuleran, nazioarteko konpromisoen ostean.

Zuri-gorriak dinamika ezin hobean daudela, entrenatzaileak orain arte erakutsitako sentsazio onei jarraipena ematea espero du: "Geldialdiak beti datoz ondo hobetzeko gauzak entrenatzeko. Hamabost egun libre izanda, askoz hobe da garaipen batekin aurre egitea, zaleak eta taldea lasai eta pozik egonda. Orain berriro hasi behar dugu. Hilabete eta erdi geratzen zaigu Munduko Txapelketaren aurretik, eta aurkari garrantzitsuak eta gogorrak ditugu. Bihar Almeria dator, aurkari zaila, susto galanta emateko argudioekin. Irabazteko joko ona egitea espero dugu".

Nazioarteko neurketak jokatu dituzten jokalariei dagokienez, Valverde pozik agertu da: "Pozik gaude. Helburuak lortu dituzte eta zentzu horretan zorioneko egoteko modukoa da. Ditugun jokalari asko prest daude. Postu askotan lehia egotea ona da Athleticentzat".