Unai Simon: "Normala da jendea ilusioz beteta egotea"

Unai Simon: "Normala da jendea ilusioz beteta egotea"

Urrian taldearen bilakaera finkatuko dela uste du atezain zuri-gorriak

Unai Simonek agerraldia egin du lehoiek Ramon Sanchez-Pizjuanen Sevilla FC taldeari bisita egiten dioten astean (larunbata, 18:30ean). Athletic Clubeko atezainak oso positibotzat jo du liga hasiera: "Hasiera ona osatzen dihardugu eta horrela izaten jarraitzea espero dugu. Orain Txapeldunen Ligako postuetan gaude, egin ditugun partida onen ondorioz. Normala da jendea ilusioz beteta egotea. Hirugarren gaude eta joko bikaina egiten ari gara, baita irabazi ez ditugun neurketetan ere. Zuhur jokatu behar da, asko falta delako denboraldia amaitzeko eta hau oso luzea da, baina talde honek beti lehiatuko du".

Emaitza on hauek gorabehera, 1 zenbakidun zuri-gorriak oinak lurrean mantentzen ditu: "Ez ditut datuak begiratzen eta ez diet garrantzirik ematen. Orain hilabete zail samarra dugu aurretik, eta ikusiko da non kokatuko garen datorrenari begira. Proba polita izango dela uste dut, sailkapenean goian egon nahi dugula erakusteko".

Orain arte jasotako gol gutxiei buruz galdetuta (lau, zazpi jardunalditan), Simonek defendatzeko modua aldatu dutela aitortu du, nahiz eta joan den urtean ere lan ona egiten zuten arlo horretan: "Egia da beste urte batzuetan ere utzi ditugula atea hutsean eta gol gutxi jaso ditugula, baina aurten baloi jabetza handiagoa daukagu eta aukera gutxi sortzen dizkigute, oso goian presio handia egiten dugulako, aurkariaren zelaian baloi asko berreskuratzen ditugulako eta ez diegulako area ingurura iristen uzten. Iaz gehiago defendatzen genuen gure zelaian, kontraerasora ateratzen ginen eta orain aurkariaren zelaian egiten dugu. Gure gain hartzen dugun arriskua da".

Azkenik, Athleticeko atezainak bere hurrengo aurkariaren bertuteak azpimarratu ditu, une txarrean dagoela erreparatu gabe: "Ez da inoiz une ona Sevillaren aurka jokatzeko, eta are gutxiago bere etxean. Oso plantilla lehiakorra du, oso entrenatzaile lehiakorra, Champions mailako jokalariak. Une txarra pasatzen ari da, baina ez da hor behean egongo eta ez dakizu noiz irauliko duen bere egoera. Prest egon behar dugu irabazteko aurkari zaila dela jakinda".