Athletic Club-Chivas partidak 125. urteurrena irekiko du

Athletic Club-Chivas partidak 125. urteurrena irekiko du

Abenduaren 11n, jokalari mexikarrekin bakarrik jokatzen duen CD Guadalajara ospetsuaren aurka jokatuko dute lehoiek San Mamesen, Gernikako Arbola Sarian, joan-etorrira, urtean zehar egingo diren ospakizunen atariko

Athletic Club bere 125. urteurrena ospatzeko prestatzen ari da, datorren urtean izango baita, 2023an. Efemerideak, Clubaren sorrera eta, batez ere, futbolaren munduan duen nortasun aparta eta indartsua gogoratzeko balio du. 125. urteurrenaren ospakizunen atariko, Athletic Clubek Gernikako Arbola Saria antolatu du talde berezi batekin: Guadalajarako Chivas Rayadas, ehun urte baino gehiago dituen eta jokalari mexikarrekin bakarrik jokatzen duen kluba. 

Sari berezi honen irabazlea nor den bi partida jokatuta erabakiko da. Joanekoa San Mamesen izango da abenduaren 11n, igandea, arratsaldeko 19:00etan, Munduko Txapelketaren ondorioz egingo den geldialdia aprobetxatuz. Itzulikoa, Guadalajarako Akron estadioan izango da, 2023ko uztailaren 16an.

Jon Uriarte Athletic Clubeko presidentearentzat, "ohore handia da Chivas San Mamesen hartu ahal izatea, hain berezia izango den neurketan, 125. urteurrena ospatzeko ekitaldien atariko".

Amaury Vergara Chivaseko presidenteak adierazi duenez, "futbolaren komunitatearentzat oso mezu indartsua da neurketa hau: bi talde hauek beren jendearen talentuan, tradizioetan eta balioetan sinesten baitute".

Gernikako Arbola Saria
Gernikako Arbola Saria, azken finean, aparteko bi talderen arteko lehia da, bere kirol-politika gidatzen duen lurraldetasun-printzipioak lotzen dituenak. Printzipio hori ohikoa izan zen futbolaren jatorrian, eta oraindik ere irauten du kirol amateurrean, baina XXI. mendean salbuespena da. Athletic Club eta Chivas mundu mailako klub bikainak direla argi uzten du. Hau guztia kontuan edukita, bi neurketetan erabakiko den lehia hau txapelketa erakargarri bezain zirraragarria izango da. 

Erakargarria, goi mailako bi talde indartsuren arteko norgehiagoka delako, eta zirraragarria, kirol arlotik haratago lotura duten ehun urtetik gorako bi taldeek lehen aldiz neurtuko dituztelako indarrak. Izan ere, Guadalajarako hiriaren sortzaileetako bat Cristobal de Oñate euskalduna izan zen; beste euskaldun bat, Miguel de Ibarra, bertako lehen alkateetako bat izan zen; eta, are gehiago, batzuek diotenez, hiriaren armarrian ageri den zuhaitza Gernikako zuhaitzean inspiratuta dago, eta, horregatik, bi klubek adostu dute lehiari Gernikako Arbola Saria deitzea.

Ehun urtetik gorako bi talde historiko
Hala eta guztiz ere, zalantzarik gabe, kirol-antzekotasunak dira Athletic eta Chivas gehien lotzen dituztenak. Ez dira inoiz Bigarren Mailara jaitsi, eta haien palmaresak garaikurrez beteta daude. 1906an sortua, Club Deportivo Guadalajara, Chivas izenez ezagunagoa, futbol mexikarraren historian titulu gehien lortu dituen bi taldeetako bat da. 40 milioi jarraitzaile baino gehiago ditu herrialdean, Estatu Batuetan eta munduan. Athletic Clubek bi aldiz egin dio aurre bere historian zehar Mexikoko futbol selekzioari, eta Latinoamerikako zortzi klubekin ere neurtu ditu indarrak, baina orain arte ez du aukerarik izan bere aurkari mexikar antzekoenaren aurka jokatzeko, Guadalajarako Chivas Rayadas taldearen aurka, hain zuzen ere.

Beraz, bi kluben zaleentzako partida interesgarri bezain erakargarria da, eta ordaintzeke dagoen zor bati aurre egiten dio nolabait: ozeano batek bereizitako baina euren lurraldearekiko eta jendearekiko duten maitasunak lotzen dituen bi talde elkartzea.

Itzulera, Mexikon, 2023ko uztailaren 16an
Gernikako Arbola Sariko itzulerako partida Mexikon jokatuko da, 2023ko uztailaren 16an. 2010ean inauguratu zen Akron estadioan jokatuko da neurketa, Chivas eta Chicharitoren Manchester United taldeen arteko neurketarekin. Itzuliko partida horren ostean erabakiko da garailea.

Athletic Clubek eta Chivasek beren nazioartekotze-estrategiaren barruan kokatzen dute Gernikako Arbola Saria. Hemendik aurrera ere elkarrekin lan egiten jarraituko dute bi kluben arteko esparru-akordio bat diseinatzen, kirol, gizarte, ekonomia eta erakunde-esparruak barne hartu dituena. 

Sarrerak bazkideentzat, Gazte Abonoentzat eta Club Athleticeko kideentzat salgai
Gaur bertan hasi eta urriaren 30era arte, epea irekiko du bazkideek sarrerak eros dezaten, prezio murriztuan, 13 eurotan zelaiko edozein tokitan. Bazkide bakoitzak gehienez bi sarrera erosi ahal izango ditu prezio horretan.

Nahi izanez gero, bi sarrera horiek Clubak prestatutako 'familia-kit'aren bidez eros daitezke. Bertan, helduentzako sarrera 13 euroan erosi ahal izango da eta haurrentzakoa (14 urte artekoentzat) 8 euroan.

Era berean, Gazte Abonoek Herri Harmailarako sarrera eros dezakete lehentasunez, 13 €ko prezio murriztuan. Club Athleticeko kideek ere lehentasunez erosi ahal izango dituzte sarrerak, bi gehienez, %20ko beherapenarekin, zelaiko edozein tokitan. Urriaren 31n publiko orokorrarentzako sarrerak jarriko dira salgai.

Epe hori igaro ondoren, bazkideek, Gazte Abonuek eta Club Athleticeko kideek sarrerak erosten jarraitu ahal izango dute, ezarritako prezio murriztuetan, baina urriaren 30ean erosi ez diren sarrerak urriaren 31n jarriko dira salgai, prezio hauetan:

  • Iparraldeko eta Hegoaldeko behe-harmailak: 20 €
  • Iparraldeko eta Hegoaldeko goi-harmailak: 25 €
  • Behe-harmaila Nagusia eta Ekialdeko behe-harmaila: 35 €
  • Goi-harmaila Nagusia eta Ekialdeko goi-harmaila: 25 €