"Lehen minututik irabazi nahi duen Athletic ikusi nahi dut"

"Lehen minututik irabazi nahi duen Athletic ikusi nahi dut"

Ernesto Valverde Sevilla FC taldearen aurkako partida zailari begira motibatuta azaldu da eta bere taldeak orain arte erakutsitako sentsazio onak berrestea espero du

Athleticek bihar ekingo dio, Sevilla FC taldearen aurka (18:30ean), aurkari eta partida zailez beteriko urri gogorrari, antza txapelketako lehen postuetan egotera deituak dauden taldeen aurkako hainbat neurketekin. Ernesto Valverde hedabideen aurrean agertu da LaLigako zortzigarren jardunaldiko neurketaren atarian. Zuri-gorriek Txapeldunen Ligako lehian dagoen talde baten aurka jokatuko dute, lehoien entrenatzaileak esan du "proba gogorra" izango dela, hasiera erraza izan ez duen arerioaren aurrean: "Sailkapenean goian egoteko taldea da, eta azken asteetan dena zaildu zaie, entrenatzailea kanporatuta eta beste bat iritsita. Ea nola barneratzen duten aldaketa. Ia hilabete geratzen zaigu Munduko Txapelketaren etenaldiaren aurretik, aurkari garrantzitsun aurkako neurketekin, eta orain arte egiten ari garena berretsi nahi dugu". 

Sevillako taldearen eta zuri-gorrien arteko norgehiagoka Ramon Sanchez Pizjuanen jokatuko da, historikoki lehoiei oroitzapen onak ekartzen ez dizkien zelaian: "Zaila izango da. Ea irabaz dezakegun. Sevillarik onena espero dut eta lehen minututik azkeneraino lehiatzen den Athletic ikusi nahi dut, hasieratik irabazi nahi duena eta partidari orain arte egin diogun gogo berarekin aurre egingo diona". 

Lopetegui aulkitik aterata, Jorge Sampaoli argentinarrak zuzenduko du Sevilla FC taldea: "Baliteke aldaketak egotea entrenatzaile berriarekin, baina geurean jarri behar dugu arreta. Beren egoera zaila delako motibatuta egongo dira. Horretarako eta bultzatzeko baliabideak dituzte. Guk gure aukerak baliatu behar ditugu eta jokoa gure aldera joan dadin saiatu behar dugu".