“San Mames leporaino beteta dagoelarik, gau handi bat bizi nahi dugu”

“San Mames leporaino beteta dagoelarik, gau handi bat bizi nahi dugu”

Ernesto Valverdek, biharko partidaren zailtasunaren jakitun, argi dauka garaipenak "gogo-aldartearen bultzada handia izango lukeela"


Anbizioz beterik. Hala azaldu da Ernesto Valverde, bihar (21:00etan) Atletico de Madrid taldearen aurrean San Mamesen jokatuko den LaLigako bederatzigarren jardunaldiaren atarikoan hedabideei eskaini dien prentsaurrekoan.

Teknikari zuri-gorriak argi utzi nahi izan du taldeak dena emango duela leporaino beteta egongo den Katedralari garaipen sendo bat eskaintzeko: "Jokalari guztiek jokatu nahi duten partida da. Sarrerak agortuta dituen San Mamesen gau paregabea bizi nahi dugu. Giro handia espero dugu, eta jardunaldiak eskatzen duen maila erakutsi nahi dugu potentzial handiko aurkariaren aurrean partida bereganatu ahal izateko. Atletico de Madrid faktore fisikoaren ikuspegitik asko behartzen zaituen taldea da. Oso zaila izango da, baina dugun guztia emango dugu. Sailkapeneko goiko postuetan jarraitu nahi dugu, eta hori bihar irabaziz gero erdietsiko dugu".

Valverdek argi utzi du talde madrildarraren potentziala: "Orain arte LaLigan etxetik kanpo jokatu duen partida guztietan gola egin duen taldea da. Joko-estilo zuzena erabiltzen dute eta ez dira askotan atera hurbildu behar gola egiteko. Pazientzia dute eta kontraerasoetan zein estrategia-jokaldietan oso indartsuak dira".

Azkenik, Athleticeko teknikariak biharko gauean garaipena lortzeak ekarriko lukeen onura zein den adierazi du: "Aurkari garrantzitsua da, eta, beraz, Atletico Madridi irabaztea bultzada handia izango litzateke. LaLigan, egoera eta aurkari konprometituei egin behar diezu aurre, eta horiek irabaztea oso garrantzitsua izaten da, ez soilik hiru puntuek duten balioagatik, baita gogo-aldarteak jasotzen duen bultzadagatik ere".