
"Ez dugu nahi genuen bezala jokatu"
"Ez dugu nahi genuen bezala jokatu"
Ernesto Valverdek denboraldi honetan bigarren aldiz galdu izana deitoratu du, nahiz eta taldea, oro har, gustatu zaion
Ernesto Valverde Athleticeko entrenatzaileak agerraldia egin du Atletico Madriden aurka 0-1 galdu ostean: "Partida oso lehiatua izan da, ez dugu guk nahi genuen bezala jokatu. Ahal izan dugun neurrian, lehen zatian areara iristen saiatu gara. Aukera argiren bat izan dugu. Talde handia dira eta jokoa barrutik garatzea zailtzen ziguten. Lehietan oso fidagarriak dira. Arrisku handirik ere ez dugu jaso, baina gertatu izan zaiguna da beste batzuetan baino gehiago kostatzen zitzaigula iristea, defentsako blokean indartsuak direlako. Gero, bigarren zatian, gola lortu dute lehen jokaldi horretan, eta saiatzen jarraitu dugu. Haiek oso atzean sartzen ari ziren, eta orduan beste era batera jokatzeko eta erdiraketa batzuk aprobetxatzeko aukera genuen. Berdinketa lortzeko abaguneak izan ditugu. Ez dizute izkin egiten uzten eta izerdia bota behar duzu lerro bat gainditzeko".
Emaitza alde batera utzita, Valverdek bere taldearen bertuteak azpimarratu ditu: "Galtzen duzunean, ez zara inoiz gustura geratzen, baina taldea, oro har, gustatu zait, orain arteko jardunaldi guztietan bezala, ez diogulako inoiz aurpegia galdu partidari. Neurketaren bila atera gara hasiera-hasieratik, nahiz eta oso zaila izan. Hau da kontua. Bakoitzak daukana jartzen du zelaian. Borroka luzea da eta hurrengoaren bila joan behar dugu".