"Athleticeko gizarte-masaren babesa sentitu dugu, batasuna dago"

"Athleticeko gizarte-masaren babesa sentitu dugu, batasuna dago"

Jon Uriarte oso pozik agertu da bazkide konpromisarioen Batzar Nagusiaren emaitzarekin: "Puntu guztiak aurrera ateratzea lortu dugu Batzar askoz arinago eta irisgarriago batean"

Jon Uriarte komunikabideen aurrean agertu da, bazkide konpromisarioekin batera gauzatu den Ohiko Batzar Nagusia amaitu ondoren. Athletic Clubeko presidenteak oso positiboki baloratu du haren garapena: "Oso pozik gaude hainbat arrazoirengatik. Boto-sistema berri bat sartu dugu, ondo funtzionatu eta Batzarraren funtzionamendua arintzea ahalbidetu duena. Bestalde, bertaratze presentziala eta telematikoa uztartzeak bilera irisgarriagoa bilakatu du, baina hurrengoetarako helburua bazkide konpromisarioen partaidetza handitzea izango da. Azkenik, oso pozik gaude onartutako puntu guztietan jasotako babes handiarekin".

Uriartek azpimarratu duenez, "Zuzendaritza-batzordeak Athleticen gizarte-masaren babesa eta batasuna sentitu ditu". Hauteskundeak izan zirenetik denbora gutxi igaro den arren, presidenteak eskerrak eman ditu bere proiektuari buruz erakutsitako konfiantzagatik: "Lau hilabete hauetan ez dugu gure proiektuak abian jartzeko aukera handirik izan, baina ekainean jaso genuen babesa mantendu egin da. Orain, Kluba ondo ezagututa, kontuak ematen eta gure ekimenak bideratzen hasiko gara. Abenduan, sei hilabeteko agintaldiaren ondoren, askoz material gehiago egongo da gure jarduna ebaluatu ahal izateko".

Bestalde, Guillermo Ruiz-Longartek azpimarratu duenez, "posible da Athleticen gastuak eta diru-sarrerak orekatzea, eta dagoeneko lanean ari gara garapen ekonomiko jasangarrirako oinarriak ezartzeko".